Zainketa intentsiboko unitatean zegoen ekonomia urrian. Dagoeneko solairu normalera eraman dute, baina oraindik zaintza handia behar du. Horrela definitu du Jon Ugartek, SEA patronaleko idazkari nagusiak, Arabako ekonomiaren egoera. Atzeraldiak hondoa jo duela uste du, eta merkatuan suspertzeko joera dela nagusi. Susperraldia, ordea, «luzea eta neketsua» izango dela zehaztu du.
Abenduko industria barometroko emaitzetatik atera ditu ondorio horiek SEAk. Sei sektore aztertu dituzte, hirurehun enpresari galdetuta. Krisia hasi zenetik lehen aldiz, «hobekuntza nabarmena» igarri dutela azaldu du Ugartek, bai urriko eta bai iazko udazkeneko datuekin konparatuta. Hala eta guztiz ere, egoera ona urrun dela azaldu du.
Enpresaburuen arabera, maiatza izan zen hilabeterik okerrena, eta orduz geroztik ari da egoera hobetzen, baina krisia gainditzeko hurrengo urtea ere ez dela aski izango diote. 2010a «korapilatsua» izango da, Ugarteren iritziz. Barne produktu gordina handituko den arren, igoera hutsetik gertu egongo da, eta enplegua murrizten jarraituko dute enpresaburuek.
SEAko idazkari nagusiak dio mazioartera zabalduta egoteak mesede egingo diola Arabako ekonomiari, beste ekonomien hazkundeak eragin egingo diolako, Alemaniakoak, Frantziakoak eta Ipar Ameriketakoak, esaterako. Hala ere, ekoizpenaren zati handi bat Euskal Herrira eta Espainiara saltzen dela dio, eta merkatu horietan arazoak dituztela.
Malgutasun eskaera
Ugartek esan du enpresak eta enpresaburuak babestu egin behar direla krisitik ateratzeko. Kexu agertu da komunikabideetan krisiaren «erruduntzat» hartzen direlako. Horren harira, «goraipagarria» iruditzen zaio Arabako enpresen %63k eskulana mantentzeko asmoa edukitzea eta %67k inbertsioari eustea. Azaldu du enpresek hamazortzi hilabete daramatzatela fakturazioa galtzen, %69k eskaeretan ahulaldia nabaritu dutela eta %16k zailtasunak dituztela finantzabidea lortzeko.
Eskaera bat ere egin du: Alemaniakoa bezalako ereduak baimentzen dituen lege esparrua nahi du. Krisi garaietan enplegua erregulatzeko espedienteetara jo beharrean, malgutasun neurriak baimentzen ditu eredu horrek; besteak beste, lanaldia eta soldata murriztea. «Horrela, enpresek jarduerarekin jarraitu dezakete», azaldu du. Datorren urteko lan hitzarmenei begira ere malgutasuna eskatu du Ugartek. «Lan itunetan ohiko eskaera diren lanaldi murrizketa eta soldata igoera baztertu egin behar dira».
SEAk uste du 2010ean ere Arabak ez duela lortuko krisitik ateratzea
Patronalak dio «luzea eta neketsua» izango dela susperraldia, egoera ekonomikoa hobetzen ari den arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu