ZORRAREN KRISIA

Sei hilabeteko arnasa

Europako Banku Zentralak erabaki du bankuei likidezia igortzeko salbuespenezko neurriak beste urte erdiz atzeratzea. Arazoetan diren herrialdeetako bonoen erosketa handituko duen ez du argitu EBZk

joxerra senar
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Batean kale, bestean bale. Irrikaz espero zuten atzo finantza merkatuek Europako Banku Zentraleko gobernu kontseiluaren bilera, eta Jean Claude Trichet EBZko presidenteak itxaropen horiei erdizka erantzun zien. Batetik, EBZk berak aurretik hala iragarri zuelako, likidezia igortzeko salbuespenezko neurrien iturria itxiko zuela espero zen, baina, ezustean, Trichetek atzo iragarri zuen beste sei hilabetez jarraituko duela modu mugagabean eta %1eko interes tasa finkoan dirua mailegatzen bankuei. Hartara, finantza erakundeek arnasa hartu eta apirilera arte EBZren aldetik likidezia bermatuta dute. Horregatik, albiste hori begi onez hartu zuten burtsek; Madrildik Frankfurteraino igoera handiak izan zituzten berria jakin bezain azkar.

Alabaina, Irlandako krisiak eta ondorengo erreskateak Euroguneko hainbat herrialderen zor publikoaren gaineko tentsioak berpiztu ostean, EBZk herrialde horietako tituluak erosteko borondate irmoa adieraztea espero zen. Kasu horretan, baina, ez zituen merkatuak erabat asebete, zuhurtzia handiz mintzatu baitzen Trichet: «Bonoak erosteko programak bere horretan jarraitzen du», besterik ez zuen esan.

Argi utzi zuen programa horrek ez duela zerikusirik Estatu Batuetako Erreserba Federalak eta Japoniako Bankuak euren herrialdeetako bonoak masiboki erosteko neurriarekin. «Ez da quantitative easing, guk berehala likidezia erretiratu egiten baitugu». Kazetariek bonoak erostearen inguruko galdera gehiago egin arren, Trichetek saihestu egin zuen uneoro auzi hori.

Tentsioa EBZren barnean

Zuhurtzia horrek arrazoi zehatz bati erantzuten dio. Maiatzaren 10az geroztik, zor publikoaren krisia euroguneko beste herrialdetara kutsatzeko arriskua ikusita, Espainiako, Greziako, Irlandako eta Portugalgo bonoak erosteari ekin zion, eta, orotara, 66.600 milioi euro inbertitu ditu ordutik hona. Alabaina, azken asteetan erosketa horien erritmoa nabarmen moteldu da, besteak beste neurri horrek EBZko gobernu kontseilu barruan ezadostasunak eragin dituelako.

Alemaniako Bundesbankeko agintariak publikoki bonoen erosketaren kontra azaldu dira argi eta garbi. Operazio horrekEBZren independentzia kolokan jar dezakeela uste du Bundesbankek, zor merkatuetan arazoak dituzten herrialde horietako gobernuen salbatzaile gisa ikusia izan daitekeelako EBZ. Era berean, luzera begira inflazioa sustatuko ote duten beldur da Alemaniako banku zentrala. Axel Weber Bundesbankeko presidentea kritiketan harago joan da, eta publikoki ohartarazi du bonoen erosketa bertan behera geratu beharko litzatekeela «egonkortasun arriskua» eragiten duelako.

Betidanik erabakiak aho batez hartu izan ditu EBZk, eta neurri oro ahots bakarrarekin defenditu izan ditu. Horregatik, Weberren eta Tricheten arteko ezadostasunek kalte egin diote nabarmen EBZren irudi publikoari berari, baita konfiantza pitzatu ere. Horregatik, Tricheten atzoko zuhurtziak ezadostasunak saihestu eta EBZren irudia hobetzeko nahiari erantzuten dio. Weberrek jarrera bera hartu zuen atzo, eta Trichetek emandako azalpenei ez ziela ezer gehiago erantsiko aipatu zien kazetariei kontseilu ostean.

Esanak esan, ezkutuan Europako Banku Zentrala Portugalgo eta Irlandako bonoak erosten jarraitzen dutela aipatu zioten merkatuetako iturriek Bloomberg agentziari. Gauzak horrela, azken asteetan zorraren finantzazioa gehien garestitu zaien herrialdeek arnas apur bat hartu zuten atzo: Portugalgo hamar urteko bonoen finantzazio kostua %0,5 jaitsi zen %6,13raino; Irlandaren tituluak %0,37 jaitsi ziren %8,76raino. Espainiaren kasuan, aste hasieran bonoak %5,6ra heldu ostean, atzo %5,07ra egin zuten behera.

Espainiaren zor jaulkipena

Bonoen finantzazio kostua merkatzeaz gain, bono horien gaineko arrisku sariak ere behera egin zuen EBZren gobernu kontseiluaz geroztik. Espainiaren kasuan, %3,09 merkatu da saria, eta, Portugalen kasuan, %4,06.

Espainiako Gobernuak gainera, atzo, azterketa garrantzitsu bat gainditu behar izan zuen zor merkatuetan, hiru urteko bonoak jaulki behar izan zituelako: 2.468 milioi euro jaulki zituen, guztira, batez beste %3,717ko interes tasean eta hasieran ezarritako gehienezko kopurutik gertu. Azken asteetan Espainiako zor tituluek jasan duten garestitzearen seinale, duela bi hilabete hiru urterako bono bidez 3.217 milioi euro finantzatu zituen batez beste%2,527ko prezioan.

Horregatik, atzo zor tituluen kostuak behera egin arren, gorabehera gehien jasan duten herrialdeek ezin dute lasaitu. Atzo bertan, Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak Financial Times egunkariari emandako elkarrizketan, lasaitasun mezua igorri nahi izan zien inbertitzaileei: hartutako aurrezte neurrien ondorioz, hurrengo urtean Espainiak aurten baino 15.000 milioi euro gutxiago jaulkiko dituela merkatuetan jakinarazi zuen. Orotara, 30.000 milioi euro jaulkitzea espero da.

Hain justu, atzoko prentsaurrekoan, Tricheti Espainiako Gobernuak asteon hartutako neurrien inguruan galdetu zioten. Tricheten arabera, Zapateroren exekutiboak «erabateko sinesgarritasuna» lortzera bideratu behar du eginahal guztia. Sinesgarritasuna irabazte aldera, hartutako konpromisoak erabat bete behar dituela gaineratu zuen. Hala ere, eginahal hori euroguneko herrialde guztiek egin behar dutela azpimarratu zuen, eta ez soilik arazotan direnek. Diru politikaz gain, politika ekonomiko bateratu bateranzko urratsak egin behar direla iritzi dio: «EDBko [Europako Diru Batasuneko] E hori sendotu beharra dugu».

Merkatuetan zor tituluen aurka apustu egiten duten inbertitzaileei ere zuzendu zitzaien Trichet, eta ohartarazi zien hobe dutela eurogunea ez gutxiestea, egoera onbideratzeko buru-belarri tematuta daudelako hala EBZ nola gobernuak.

Frantziak ez du zorra gutxituko 2013. urtera arte

Datozen bi urteotan ere, «inertziaren erruz», Frantziaren zor publikoa handitzen jarraituko duela onartu du François Baroin Aurrekontu ministroak. Uneotan, bere BPGaren %84 eta %85 artean zor du Frantziak. Aurrekontuen oreka 2016 edo 2017rako lortu nahi du Parisko gobernuak.

Pribatizazioaren aurkako grebak egingo dituzte AENAn

Zorra gutxitzeko neurrien artean, aireportuak kudeatzen dituen AENA sozietatea partzialki pribatizatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. AENAko sindikatuek gaizki hartu dute neurria, eta iragarri dute Gabonetan grebak egingo dituztela horren aurka. AENAk lau aireportu ditu Hego Euskal Herrian.

12.000

Loteriaren galera. Aireportuak ez ezik, loteria eta beste joko batzuk kudeatzen dituen erakundearen zati bat ere salgai jarri du Madrilek. Loteria bulegoen %60 ordezkatzen dituen taldeak ziurtatu duenez, esku pribatuetan arriskuan egongo dira sektoreko 12.000 lanpostu.

%1

Urte bat, tasa bat. Interes tasa ofiziala igotzeko asmorik gabe jarraitzen du Europako Banku Zentralak. 2009ko maiatzaren 13az geroztik %1ean dago. Ez da lehen aldia interes tasak berdin geratzen direla urte batez, 2004an eta 2005 ia osoan ere %1ean egon zirelako.

2,5

Fed-en laguntza. Krisia hasi zenetik, AEBetako Erreserba Federalak 2,5 bilioi euro utzi dizkie bankuei likidezia arazoei aurre egiteko. Dirutza horren zati handi bat Europako bankuek jaso dutelako, kritikak entzun behar izan ditu Fedek. BBVAk 570 milioi euro eskuratu zituen.

Austeritatearen aurkako manifestazioa Atenasen

Polizien eta ikasleen arteko borrokekin amaitu zen atzo goizean Atenasen egindako manifestazioa. Unibertsitateko ikasleen ezkerreko taldeek deitu zuten protestara, Gobernua hezkuntzarakodirua murrizten ari dela salatzeko. Parlamentuaren aurrean bildutako poliziek gutxienez bost ikasle atxilotu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.