Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietatearekin (SEPI) bilera bat lortu artean ez dute etsiko Trapagarango Babcock Powerreko langileek. Denbora askodaramate eskaera horrekin, orain arte ezer lortu ez badute ere. Mugimendurik ikusi ezean, mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute.
Kezkatuta daude langileak, eta kezka hori handiagoa da herenegundik. Izan ere, Babcocken jabeak, Austriako A-Tec konpainiak, zorrari ezin diola aurre egin aitortu behar izan du. 800 milioi euroko zuloa du, eta lau astean saiatu arren, ez du akordiorik lortu hartzekodunekin. Hala, Babcockek langile batzordeari jakinarazi dionez, taldeak administratzaile bat izendatuko du orain. Jabeak desagertu egingo dira eta lantoki bakoitzak bere baliabideekin moldatu beharko du.Horrek esan nahi du A-Tecek ez diola finantza ekarpenik egingo Babcocki eta ez diola lagunduko lan karga bilatzen edo proiektu berrietan sartzen.
400 langilek egiten dute lan Trapagako lantegian, eta lehendik larria zen egoera are gehiago larritu da. Azaroko soldatak ordaintzeko adina badagoela diote, baina abendukoetara ez. SEPIrengan dituzte jarrita itxaropen guztiak. 1918an sortu zuten Babcock eta 2001ean esku pribatuen esku geratu zen, Borsig Españak erosi baitzuen. Hark, ordea, porrot egin zuen, 2002an, eta 2004an berriro ere SEPIren esku geratu zen Babcock. A-Tec konpainiari saldu zion hark gero. Hala bermeen akordio bat dute langileek. «Beraz, SEPIk ere izango du zeresana», diote langileek.
Bialsan ere protestak
Trapagarango lantegia bezala, historia handiko beste enpresa bat ere larri dabil: BH bizikletak egiten dituen Bialsa. Urri amaieran iragarri zuen Gasteizko lantegia ixteko asmoa. 47 langileetatik 38 kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen. Zuzendaritzak ez duela irtenbideak aurkitzeko borondaterik salatu du langile batzordeak. Lantegia erabat bideragarria dela azaldu dute. «Espedientean ere ez dira arrazoi ekonomikoak aipatzen, kostu txikiagoko herrialdeen aldeko apustua egiteko desioa baizik». Langileek protestak egingo dituztela iragarri dute.
SEPIrekin bilerarik lortzen ez badute, protestei ekingo diete Babcockeko langileek
Enpresaren jabeak onartu du A-Tecek ezin diola zorrari aurre egin, eta langileen kezka handitu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu