Sestao hil ez dadin

Langabeen kolektiboak eta beste 70 elkartek deituta, herriko egoera salatuko dute urtarrilaren 3an

Lander Muñagorri Garmendia.
Sestao
2012ko abenduaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Herria hiltzen ari zaigu». Dei larri hori egin du Aingeru Azpiolea Sestaoko (Bizkaia) langabeen kolektiboko bozeramaileak. Langabeziak etengabe egin du gora, eta, horregatik, krisiaren lekuko«zuzena» dela uste du. Enpresa ugari itxi dira krisia hasi zenetik, eta horrek berekin ekarri du kontsumoa jaistea denda eta tabernetan ere. Horretaz jabetzeko, nahikoa da erdigunean ibiltzea: merkataritzara bideratu beharko luketen lokal askotan sareta beheraino jaitsita, eta erakusleihoetan salmenta jaitsierek arrazoitutako itxierak iragartzen dituzten kartel ugari ikus daitezke. «Lanik apenas sortzen den enpresetan, eta egoera horrek herriko dendei modu zuzenean eragiten die».

Hori dela eta, langabeziak gora egiten jarraitzeko arriskua dagoela ohartarazi du Azpioleak. Era horretan, langabeziak gogor zigortu duen herriak beste kolpe bat jaso lezake. Une honetan, Bizkaiko langabezia tasa handiena duen udalerria da Sestao: %25,8. Datu horren atzean, 3.360 pertsona daude lanik gabe: «Jende asko egoera dramatikora iristen ari da». Hego Euskal Herrian ere, nekez topa daiteke langabezia tasa horren handia duen besteherririk. Nafarroako Sakana eskualdean, esaterako, lanegiteko baldintzak betetzen dituzten pertsonen %25 beharrik gabe daude.

Tasa horrek zerikusi txikia du Sestaok 2006an zuen %13,07ko langabe kopuruarekin, nahiz eta orduan ere Bizkaiko tasarik handiena zuen. Zerk eragin du, ordea, hamabi puntuko hazkunde hori? Babcocken itxierak, Bizkaiko Labe Garaien oinordeko ACBren erregulazio espedienteak, eta Navalen lan karga murritzak, besteak beste. «Egoera oso latza da, jende gehienak enpresa handi horietan egin baitzuen lan iraganean». Orain, lantegi horiek gabe, herrian lanpostuak sortzeko egitasmoak martxan jar ditzala eskatzen dio langabeen kolektiboak Udalari.

Joan den martxoan, esaterako,lanpostuak sortzeko proposamen sorta bat aurkeztu zuen mozioan Sestaoko langabeen kolektiboak, eta udal talde guztien babesa lortu zuen. Udal lan poltsa bat sortzea, kontratazio mahai bat eratzea, eta herrian dauden enpresa eta obretan ordu osagarririk ez sartzea eskatu zuten, besteak beste. Orduz geroztik, udalak 149 enpresari gutun bat bidali die, Sestaoko langabeei lehentasuna eman diezaietela eskatzeko. Eta lehen fruituak jasotzen ari dela ematen du. Izan ere, Azpioleak esan duenez, itsasontzietako kateak egiten dituen Vicinay enpresaren lekualdatzean —2013an Sestaora eramango du ekoizpena— 30 lanpostu bertakoentzat izan daitezke.

Hala ere, ez du uste nahikoa denik. Lanpostu horiek nori eman erabakitzeko, udalak lan poltsa bat sortu behar duela uste baitu, eta, alde horretatik, ez du aurrerapausorik ikusten. Are gehiago, «trabak» jarri dizkietela dio. Horrez gain, udalaren menpe dagoen eraikuntza lan batean ordu osagarriak egin direla ere salatu du: «Las Llanas kiroldegiko lanetan, langileek 1.500 ordu osagarri egin dituzte. Zergatik ez da beste lan txandarik sortu?». Horregatik, lanpostu berriak sortzeko garaian, behar adina ez dela egiten ari salatu nahi izan du Azpioleak.

Mobilizazio jendetsua

Arrazoi horiengatik guztiengatik, mobilizaziorako deia egin du langabeen kolektiboak, «Sestaoko industria eta merkataritza defendatzeko». Urtarrilaren 3an elkartuko dira, 19:30ean, eta Kaskoko plazatik abiatuko. Deialdi horrekin, herriko 70 elkarte, eragile eta sindikatuk egin dute bat. «Naval eta Bizkaiko Labe Garaiak itxi zirenetik, herrian ez da horrenbeste atxikimendu jaso manifestazio baten alde». Hori dela eta, manifestazio «jendetsu eta arrakastatsua» izango dela aurreikusten dute kolektiboko kideek.

Baina deialdi hori egunero egiten duten mobilizazioaren jarraipena besterik ez da izango. «Martxoan onartu zen mozioa ez dutela betetzen gogorarazteko, egunero biltzen gara udaletxearen aurrean». Horrez gain, datozen egunetan auto karabana bat egingo dute, eta hileta bat ere antzeztuko dute gogorarazteko «latza» dela Sestaoren egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.