Goizeko seietan itxialdi mugagabea hasi dute beharginek Sestaoko altzairutegiaren plantan (Bizkaia). Atzo batzarrean erabaki zuten protesta neurri horrekin hastea, harik eta lantegiaren itxiera mugagabea bertan behera geratzea lortzen duten arte.
Txandaka egingo dute itxialdia, lantegian bertan. Lehen erreleboan berrogei bat lagunek parte hartu dute. Gainera, 08:00etan elkarretaratzea egin dute lantokiko sarreran, eta manifestazioa egin dute ondoren planta barruan.
Langileen ustez, plantak badu etorkizuna, eta haren geroaz eztabaidatu nahi dute zuzendaritzarekin eta agintari politikoekin. Astelehenean, protesta egin zuten Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren atarian.