ALTZAIRUGINTZA

Sestaoko ACBri bost urtez eusteko plana aurkeztuko du Arcelorrek

Hurrengo bost urteotarako plan industrialaren berri emango dio aurki Eusko Jaurlaritzari. Multinazionalaren "urratsa" baloratu du Tapiak, eta ezinbestekotzat jo du etorkizuneko lan ildoa finkatzeko.

Arcelor Mittalen Sestaoko eta Zumarragako langileak, joan den astean, Barakaldoko BECen. LUIS TEJIDO / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko ekainaren 10a
12:18
Entzun

Men edo izkin egitea. Eusko Jaurlaritzaren mehatxuaren ostean, beste biderik ez zuen Arcelor Mittalek, eta hasi da emango dituen hurrengo pausoak zehazten. Planari moldaketaren bat egiteko "aukera guztiak" baztertu eta hiru egun eskasera, diskurtsoa aldatu du altzairuaren munduko liderrak: datozen bost urteotarako plan industrialaren inguruko informazioa emateari ekingo dio aurki. "Konpromiso" hori hartu du multinazionalak gaur Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapiarekin eginiko bilera luzean. Ez da gutxiagorako: Sestaoko ACB lantegiari gutxienez 2020ra arte eusteko bermerik ezean diru laguntzak emateari utziko diola ohartarazi dio Tapiak asteon.

Ziurtasunik eza eta merkatuaren egoera zaila aipatuta, Arcelor Mittalek berretsi du proposatutako azken plana dela gaur-gaurkoz bideragarriena. Merkatuaren egoerak hobera egingo balu, ordea, ekoizpena handitzeko alternatibak aztertzeko prest agertu da, betiere egungo baldintzak aldatzen badira. Multinazionalaren "urratsa" baloratu du Tapiak, eta "premiazkoa" iruditu zaio proposamena sakon aztertu eta etorkizuneko elkarlana bideratzen hasteko.

Langileen erabakia, asteartean

Baina Eusko Jaurlaritzaren oniritzia bakarrik ez, langileena ere behar du multinazionalak. Gaia ACBko batzordera eramateko akordiorako oinarria sinatu dute asteon CCOOk eta UGTk zuzendaritzarekin, baina oraindik ez dute argitu bozketari begira hartuko duten jarrera. ELAk eta LABek, berriz, bai: hasieratik esan dute ez daudela konforme zuzendaritzaren planarekin, eta behin betiko itxiera ekar dezakeela. Beharginek asteartean dute bozketa erabakigarria.

Soldatak %15 jaisteari muzin egin dio multinazionalak, baina lantaldea erdira —300dik 140ra— murrizteko ideiarekin jarraitzen du. Arcelorren proposamenak aurrera egingo balu, uztailean irekiko lukete berriz ere altzairutegia. Ez, ordea, ohiko maiztasunarekin: asteburu batzuetan baizik ez, ACBren labe elektrikoak txatarra urtzeko eta hortik altzairua egiteko behar duen argindarra merkeagoa baita orduan. 12.000 tona inguru ekoizteko asmoa du konpainiak asko jota, eta, horretarako, hamabi ordura arteko lanaldiak egin beharko lituzkete behargin batzuek. 1955. eta 1957. urteen artean jaiotako langileei, berriz, erretiro aurreratua emango liekete, eta besteei, aldi baterako erregulazio dosierra ezarriko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.