Kostuak murriztuko ditu Siemens Gamesa multinazionalak datozen hiru urteetan: 2.000 milioi euro, hain zuzen ere. Gerrikoa estutzeko L3D2020 prorgama aurkeztu du gaur goizean Madrilen, eta azpimarratu du helburua dela "hazkunde errentagarria" lortzea.
Diru aurrezpen horren %65 hornitzaileei egindako erosketetatik etorriko dira; %15-20 inguru produkzio kostuetatik; eta gainontzekoa kostu orokorretatik, tartean langile kostutik. Markus Tacke Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak azpimarratu du ez dela kaleratze eta berregituraketa berririk egongo, iaz aurkeztutako berregituraketa planarekin jarraituko dutela, 6.000 behargin kaleratuta.
Hain zuzen, gaur arratsaldean protesta egingo dute konpainiko langileek Zamudioko lantegian (Bizkaia), Siemens Gamesaren egoitzan. Bertan izango dira Miranda Ebroko (Espainia) lantegiko langileak ere. Izan ere, multinazionalak itxi egingo du Miranda Ebroko lantegia, eta 134 langile ari dira bertan. Madrilgo prentsaurrekoan, langile horien ordezkari batek zuzenean eskatu dio Tackeri lantegiaren itxiera bertan behera uzteko. Alferrekoa izan da ahalegina, kontseilari ordezkariak erantzun baitio itxiera horrek ez duela zerikusirik berregituraketa programarekin, lantegiaren tamainarekin baizik. Argudiatu du txiki geratu dela errota berriak egiteko, eta kostu handiegia duela.
Merkatua baino gehiago haztea
Bi konpainien arteko fusioa, Siemens alemaniarrarena eta Gamesa euskaldunarena, irailerako amaituta egotea espero du zuzendaritzak. Aurreikusi du, gainera, integrazio sinergiei esker 400 milioi eurotik gora aurreztuko dituela 2020an.
Bere buruari helburu handinahiak jarri dizkio multinazionalak. Onshore sektorean, lurreko energia eolikoaren negozioan, merkatu kuota handitu nahi du produktu berriekin: aerosorgailu berriak aurkeztuko ditu 4,2 MWekoak. Offshore sektorean, berriz, itsasoko energia eolikoaren negozioan, Europako lidergoa mantendu nahi du —%70eko merkatu kuota dauka—, eta erreferente bihurtu beste merkatu batzuetan, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan eta Taiwanen. Azkenik, operazio eta mantenimendu zerbitzuen negozioan, merkatua baino azkarrago haztea aurreikusi du multinazionalak, digitalizazioari esker.
2020rako, irabazi garbien %25 dibidendutan banatzeko asmoari eutsi dio Siemens Gamesako zuzendaritzak, eta aurreikusi du %8tik %10era bitarteko EBIT margina lortzea.