Enpresak

Siemens-Gamesak bertan behera utzi du sindikatuekin zuen bilera

Konpainiak 6.000 lanpostu kentzeko asmoa iragarri du, eta berregituraketak Euskal Herrian eta Espainian izango dituen ondorioei buruz informazioa emango behar zien gaur arratsaldean langileen ordezkariei. Unai Rementeriak ziurtatu du eragin gutxi edo "batere ez" izango duela Bizkaian, eta Nafarroan ere ez dela "horrenbesterako" izango.

jarraia146785.jpg
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 7a
17:21
Entzun

Siemens-Gamesako zuzendaritzak atzeratu egin du sindikatuekin gaur arratsalderako deituta zeukan bilera. CCOO sindikatuko iturriek azaldu dutenez, bilera egiteko prest zeuden langileen ordezkariak, baina giza baliabideetako arduradunek azaldu diete betan behera geratuko zela deialdia. Zuzendaritzak argudiatu du Europako legediak behartuta ezin zela lehen bilera gaur egin. Datozen egunotan berriro deituko ditu langileen ordezkariak, murrizketei buruzko lehen hartu-emana izateko.

Goizean jakinarazi du CCOO-Euskadi sindikatuak biharko zutela finkatuta lehen batzarra, atzo iragarritako murrizketak nola gauzatu nahi dituzten jakiteko. Gero bilera gaur egitea erabaki dutem baina azkenean bertan behera geratu da. Prozesu globala izango da —24 herrialdetan izango ditu ondorioak—, eta datozen hiru urteetan gauzatuko da. Bost langiletik bat enpresatik aterako da amaieran. Edozein kaleratze errefusatu, eta beste sindikatuekin hartu-emanak martxan jarriko ditu CCOOk, mobilizazioak adosteko.

"Zoritxarrez, zuzendaritzak erabaki du iragarritako 230 milioi euroko aurrezkien parte bat langileen bizkarretik egitea", zehaztu du sindikatuak, ohar baten bidez. CCOOk ohartarazi du bateratze prozesuarekin "etsipena" adierazi dutela azken hilabeteotan langile "askok". "Artazia sartuko dute sei hilabeteren ondoren. Atzean geratu dira seinale baikorrak, konpainia handia izatera eramango gintuen barku hura", kritikatu du sindikatuko Industria Federazioak idatzi batean. Gainera, uste du inbertitzaileek ez dutela zuzendaritzan "konfiantzarik". Enpresaren negozio plan berria azaroaren 15ean iragarri behar zuten, baina otsailera atzeratu dute.

Mundu osoan 27.000 langile ditu Siemens-Gamesa taldeak. Euskal Herrian 2.000 baino gehiago dira. Produkzio eta zerbitzu lantokiak ditu Nafarroan, eta egoitza nagusia Bizkaiko Parke Teknologikoan dago, Zamudion.

Atzo, bateratu osteko lehen sei hilabeteetako emaitzak argitaratu zituen. Aurreko urtearekin alderatuz, salmentak %12 jaitsi dira. Datorren urterako iragarpena da salmenta horiek beste %12-17 bitarte jaistea. Ibilbide berriko lehen urte erdian 135 milioi galdu ditu, bateratzeak eragin dituen kostuak aintzat hartuta. Atzo, merkatua itxi ondoren egin ziren publiko emaitzak. Gaur goizean, burtsak ireki direnean, konpainiak behera egin du nabarmen, eta goiz erdirako %8 jaitsi da akzioaren balioa.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ziurtatu du birmoldatzeak eragin eskasa izango duela Euskal Herrian. "Hemen ez du garrantzi handirik izango, edo agian batere ez du izango. Uste dut Nafarroan ere ez dela horrenbesterako izango. Eragin handiena Danimarkan izango da, batez ere, eta baita Alemanian ere bai".

LAB: "Dibidenduak ordaintzeko plana lotsagarria da"

6.000 kaleratze egiteko plana gaitsetzi du LAB sindikatuak, baita ere. "Albistea oso larria da, eta badakigu Euskal Herrian plan honek enplegu galera ekartzea bilatuko duela multinazionalak. LABek Euskal Herriko planta guztietan enplegua mantentzea exijitzen du. Ez dugu kaleratze bat bera ere onartuko", ohartarazi du, ohar baten bidez.

Bateratzearen atzetik arrazoi ekonomikoak ikusten ditu LABek. Sindikatuak gogoratu du Gamesako akziodunek 1.000 milioitik gora jaso zituztela, eta zuzendaritzako kideek 82 milioi banatu dituzte euren artean. "Hau izan zen fusioaren benetako arrazoia, gutxi batzuk aberastea nahiz honen ondorioz lanpostu asko kolokan utzi. Orain mundu guztiko langileek ordaindu behar dute euren lanpostuak galduz batzuk eraman duten dirutza guztia? Ez da onargarria, ez dago eskubiderik". Dibidenduak ordaintzeko plana "lotsagarria" iruditzen zaio sindikatuari.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salatu du LABek. "Gamesaren egoera kezkagarria Eusko Jaurlaritzaren industria politika ezaren ondorioa da. Zergatik txalotu zuen Arantxa Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela?", galdetu du oharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.