Enpresak

Siemens Gamesak ez duela enplegurik bermatu salatu du ELAk

Sindikatuak ez du 226 langilek borondatez enpresa uzteko akordioa sinatu, aldi berean baldintza txarragoetan azpikontratatzen ari direla ikusten baitu

Siemens Gamesako langileen batzordeko ordezkariak eta langileak. J. SENAR
joxerra senar
2018ko martxoaren 13a
13:28
Entzun

Kontraesanez betea ikusten du ELAk Siemens Gamesaren jarrera. Carlos Matute langileen batzordeko ordezkariaren arabera, ez dute hitz emandakoa bete eta etorkizunean enplegua sortzeko bermerik ez dute eman. Gainera, bere esanetan 131 zuzendarik kontratu blindatua dute eta "zifra handiko kalte-ordainak" ziurtatzen dizkie.

Espedientean azaldutako arrazoiak ontzat joz gero, sindikatuaren ekintza baldintzatu dezakeela uste du. Epe ertainera beste erregulazioko espediente bat aurkezteko arriskuaz ohartarazi du:. "Kaleratzerik ez egiteko konpromisorik hartu nahi ez izateak espediente berri bat egiteko aukera dagoela ondorioztatzera garamatza".

Siemens eta Gamesa batu ostean, multinazionalak azaroan Espainian zein Hego Euskal Herrian 272 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen, baina abenduan atzera bota zuen langileen presioa tarteko. Gerora, kaleratzeen ordez, borondatez enpresa uzteko pizgarriak jarri zituen mahai gainean, eta 256 beharginek baiezkoa eman zioten urtarrilean. Dena den, azkenean multinazionalak atzera egin eta 226 langilek enpresa uztea onartu du —horietatik 126 Hego Euskal Herrian: 98 Nafarroan eta 38 Bizkaian—.

Irtenbide horri hasiera batean baiezkoa emanagatik, ELA aurka azaldu da. Arturo Gonzalez langileen batzordeko ordezkariaren arabera, espedientea aurkezteko arrazoietan "gezurra" esan du Siemens Gamesak eta egiazki "finantza ingeniaritzaz baliatu nahi du merkatuak kontent izateko". Gonzalezen arabera, multinazionala enpresa uzteaz hitz egiten ari zen aldi berean "antzeko profileko lanpostuetarako jendea kontratatzen" ibili da. Gonzalezek azpimarratu du lan baldintzak okerragoak direla.

LABen jarrera

Atzo, enpresaren jarrera salatu zuen baita ere LAB sindikatuak. Sindikatuaren arabera, egiaztatu da langileak ez zeudela soberan. "Enpresak ez du justifikatu neurrien beharra". Gaineratu du multinazionalak bere plan estrategikoan aipatu duela dibidenduak banatzen jarraituko duela aurrerantzean ere.

"Siemens Gamesak, bere sektorean duen garrantzia dela-eta, Euskal Herrian kalitatezko enplegu sortzaile bilakatu behar du, ez enplegu suntsitzaile". LABen ustez, enpresaren jarrera arduragabea da. "Ezin dezakegu onartu gutxi batzuk aberastea askoren langabeziaren bizkar".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.