11 haize sorgailu egingo ditu Siemens Gamesak, energia eolikoa lortzeko Norvegiako itsas plataforma baterako. Ohar bidez azaldu dutenez, munduko itsas plataforma handiena izango da Equinor konpainiaren proiektua, Hywind Tampen izenekoa; lehen aldiz, gas eta petrolio plataformak hornituko ditu. Denera, 88 megawatt sortzeko gaitasuna izango du, eta Zamudiko enpresaren arduradunen esanetan, urtero 200.000 tona CO2 isurtzea eragotziko dute. Itsas plataforma hori 2022 amaierarako martxan jartzea espero dute, eta 2030erako hamabi milioi etxeri energia ematea.
Siemens Gamesak lehen ere egin izan du lan Equinor konpainia norvegiarrarekin, 2009tik aurrera. Gaur iragarritako proiektu hori garatzen aritu da, eta baita Eskoziako Hwind Scotland proiektuan ere. Gaur egun, horixe da maila komertzialean itsasoko parke eolikorik handiena.
Lurrekoetan ez ezik, offshore edo itsasorako haize erroten negozioan hazten ari da Siemens Gamesa. Joan den astean, Alemaniako Senvionen zati handi bat erosi zuela jakinarazi zuen. Tartean. Vagosko (Portugal) lantegia. Handik hamabost kilometro eskasera, Aveiron, produktua azkar itsasoratzeko portua du, eta produkzio kostuak merkatzeko aukera emango dio. Siemens Gamesak badu haize erroten fabrika bat Agoitzen (Nafarroa), eta, ondorioak ikusteko dauden arren, erosketa hori kezkaz hartu dute sindikatuek.