Zuhur, baina ez dira fio

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek kezkaz hartu dute Siemens Gamesak Senvion erosi izana. Agoizko lantokiak ziurtatuta dauka gutxienez sei hilabeterako lana

Agoizko lantokian, langileak haize erroten palak ekoizten. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Siemens Gamesak lasaitasun mezua zabaldu nahi du talde barruan. Astelehenean jakinarazi zuen Alemaniako Senvionen zati garrantzitsu bat erosi duela. Senvion kiebran zegoen, baina taldeak bereganatutako aktiboen artean pala fabrika bat dago, Vagosen (Portugal). Siemens Gamesaren arabera, lantoki «lehiakorra» da: hamabost kilometro eskasera, Aveiron, produktua azkar itsasoratzeko portua du, eta produkzio kostuak merkatzeko aukera emango dio. Horregatik, mehatxu gisa ikusi dute operazioa Nafarroan eta Galizian, Agoizko eta Somozako fabriketan. Taldeak argudiatu du «kanpoko menpekotasuna murrizteko» erosi dutela Senvion. Bestela pentsatzeko datu zehatzik ez dutenez, zuhurtziaz hartu dute albistea sindikatuek. Hala ere, ez dira erabat fio.

Adibidez, Jonan Goñi LABeko industria federazioko arduradunak tentu handiz hartu du Siemens Gamesaren lasaitasun mezua. Haren ustez, ezin liteke ondorioztatu erosketak nola eragingo duen, baina talde barruan palak ekoizten dituen Vagosko lantoki hori «beste lehiakide» bat da orain Agoizko lantokiarentzat. «Objektiboki, egia da arrisku bat gehiago dela, produktua deslokalizatzeko edo enpleguan zein lantokian eragiteko».

«Aurrean izango gaituzte»

Zuhurtzia bera azaldu du Puy Remirez ELAko ordezkariak: «Siemens Gamesan gauzak gertatzen direnean, soilik zer gertatu den ezagutzen dugu. Horregatik, zerbait etorri behar bada, etorriko da, baina argi dute aurrean izango gaituztela». Komunikabideei igorritako informazioan bezala, zuzendaritzak Agoizko langileei helarazi die ez dagoela arriskurik, eta euren lanpostuak ez daudela mehatxupean. Beraz, Remirezek ez du langileen artean espekulazioa haizatu nahi: «Berririk izan arte, ez diet langileei ezer esango, baina bai jartzen dut zalantzan nola kudeatzen dituen Siemens Gamesak kontu guztiok. Gaizki ez: oso gaizki», nabarmendu du Puy Remirezek.

Hain zuzen ere, astelehenean, Siemens Gamesak CNMV Espainiako Balio Merkatuen Batzordean kaleratutako ohar bidez iragarri zuen erosketa: taldeak 200 milioi euro jarriko ditu eskudirutan,eta beste 150 milioi moldaketa prozesuari eta hornidurei aurre egiteko izango dira; 350 milioi euro guztira.

Clara Fernandez Siemens Gamesako CCOOko idazkari nagusia «alertan» dago CNMVk ohar hori kaleratu zuenez geroztik. «Arriskua egon badago. Agian ez da berehalakoa, baina Portugalgo lantoki horrek 740 langile ditu, eta itsas portua oso gertu du. Nafarroan eta Galizian ekoiztea baino merkeago irtengo zaio, eta deslokalizazioak ekar ditzake». Dena den, Clara Fernandezen ustez, epe motzera taldeak ez du erabakirik hartuko: «Beste kontu bat da zer gertatuko den urtebete barru».

Lehenik eta behin, Europako Batzordeko lehiaren agintaritzaren oniritzia beharko du Siemens Gamesak, eta 2020ko martxora arte ez du horren inguruko ebazpenik kaleratuko. Erakunde horrek hartzen duen erabakia giltzarri gerta daiteke.

Bestalde, Agoizko langileen batzordeak enpresari eskatu dio argitu dezala zein den lantokiaren etorkizuneko produkzio plana, benetan lasai egoterik baduten egiaztatzeko. Taldeak konpromiso hori hartu du, baina ez dute oraindik ezer aurkeztu. Berez, Siemens Gamesak iragarri du Agoizko fabrikak sei edo bederatzi hilabeterako lana baduela.

Gainera, Zamudioko enpresa 2020-2022 aldirako plan estrategikoa prestatzen ari da. Taldeakjakinarazi duenez, aurki azalduko du zertan datzan. Iragan astean, Senvionen operazioaren berri eman aurretik, taldeak azaldu zuen Siemens Energyren aterkipean egituratuko dela enpresa 2020ko apiriletik aurrera eta irailean burtsara aterako dutela. Hortik aurrera, informazio gutxi zabaldu da, eta sindikatuek eurek ere ez dute daturik. «Ez dakigu zer den estrategia hori, eta zer jartzen duen», kritikatu du Jonan Goñik.

Euskal Herritik at

LABeko ordezkariak argi du Siemensek Gamesa bereganatu zuenetik Euskal Herritik at hartzen direla erabakiak. «Ez dugu alarmistak izan nahi, baina hori da errealitatea; Gamesak galdu egin du erabakitzeko ahalmena. Fede ona izan dezakete, baina hemen Siemensek agintzen du, eta Siemensek esaten diena egiten dute».

Etorkizunak zer ekar dezakeen aurreratzera ez da ausartzen Puy Remirez, baina oso kritiko da enpresaren azken urteetako jokamoldearekin. «Siemensek eta Gamesak bat egingo zutela iragarri zuten unetik bertatik salatu genuen hura ez zela bat egitea, beretzea baizik, etaondorioak izango zituela. Enpresak ukatu egin zuen, baina, handik hiru hilabetera, kaleratzeen berri ematen zigun bitartean, prentsari jakinarazi zion lanpostuen suntsiketa». Horregatik, enpresaren argudioak tentuz hartzen ditu.

Operazioaren berri eman zuenean, Markus Tacke Siemens Gamesako presidenteak azaldu zuen «Asiako merkatuarekiko autonomia handiagoa» emango diela Senvionek. Hari esker, lurreko haize erroten 8,9 gigawatteko negozioa eskuratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.