Lan taldea txikitzeko baldintzei buruzko ados jartzeko bidean dira Siemens Gamesako zuzendaritzak eta sindikatuek. 55 urtetik gorakoei erretiroa hartzea eskainiko diete, eta enpresan lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata, berriz, beren borondatez kalera doazenei. Akordiorik ez dutela sinatu nabarmendu dute ELAk, CCOOk eta UGTk, geratuko diren langileen enpleguak gutxienez hiru urtez bermatzeko adostasunik ez dagoelako.
Ikusteko dago bi sistema horien bitartez enpresa uzteko nahiko hautagai ba ote dauden. Izan ere, Siemens Gamesako Espainiako adarrak bai ala bai 272 lagun kendu nahi ditu orain bere lan taldetik. Hasiera batean erregulazio espediente baten bitartez egiten saiatu zen —155 kaleratze aurreikusten zituen Euskal Herrian—, baina sindikatuen ezezkoa eta administrazioen haserrea ikusita, dosierra alde batera uztea eta lan taldea «neurri ez traumatikoen bitartez» konpontzea hobetsi zuen.
Berez, negoziazio mahaian dauden hiru sindikatuek —CCOO, UGT eta ELAk— berretsi dute inor ez dagoela sobran, lan nahikoa dutelako, baina negoziatzea onartu zuten. Hasiera atean LAB ere negoziazio mahaian zegoen, baina nahiko ordezkaritzarik ez zuela-eta, bota egin zuen zuzendaritzak.
Zuzendaritzak eta sindikatuek lotu dutenez, erretiro aurreratua eskainiko diete adineko langileei: 55 urtetik gorakoei gaur egun duten soldataren %70 bermatuko diete; %75 56 urtekoei, eta %80 57-60 urte artekoei. Urtean 45.000 eurotik beherako soldatak dutenei beste %5 gehituko diete.
Aldez aurreko erretiroa eskatzeko baldintzak betetzen ez dituztenei kalte-ordainak eskainiko dizkiete: 45 eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, baina gutxienez 30.000eko kalte-ordainarekin. Gainera, langileek eszedentzia hartu ahal izango dute, eta 2020ra arte gordeko zaie lanpostua.
Hilabete izango dute Gamesako langileek eskaintza onartzeko. Epe hori agortuta, urtarrilaren 19an bilduko dira bi aldeak, zuzendaritzak lortu nahi zituen zenbakietara iritsi ote diren ikusteko.