Tentsio giroan egin du gaur goizean Siemenes Gamesak akziodunen batzar nagusia, Zamudion (Bizkaia). Bi akziodun nagusietako bat, Iberdrola, oso kritikoa izan da bateratzea gertatu zenetik konpainiak egin duen ibilbidearekin. Batzarreko gai zerrendari bi puntu gehitzea exijitu zuen Iberdrolak. Batean aparteko bermeak eskatzen zituen ziurtatzeko konpainiaren erabakiguneak ez direla "egoitza sozialetik eta Espainiako lurraldetik kanpo" eramango. Bestean enpresak akziodun diren konpainiekin egin beharreko eragiketetan kontrola handitzea exijitzen zuen.
Siemenesen atal eolikoaren eta Gamesaren arteko eragiketari bateratze esan izan zaio, baina, praktikan, Siemens AGren eskuetan dago konpainiaren kontrola, akzioen %59ren jabetza duelako. Iberdrolak %8 dauka. Hala ere, bi enpresak elkartu zituen kontratuan berme batzuk ezarri ziren. Akordio horiek ez badira betetzen, Iberdrolak behar dezake Siemens bere parte-hartzea erostera. Erabakiekin geroz eta gehiago Siemens AGren kontrola handitzen ari dela uste du Iberdrolak.
Bi enpresen arteko ezinegona agerian utzi du batzarrak. Iberdrolako ordezkari batek, Imanol Elorriagak, hitza hartu du bi puntuen defentsa egiteko, Gamesak betidanik izan dituen "printzipioen" alde. "Industria proiektu sendo eta autonomo bat egotea", eskatu du. Siemens AGko beste ordezkari batek, Fernando Ortegak, eman dio erreplika. Gai zerrenda administrazio kontseiluko kide guztiek aho batez onartu zutela azpimarratu du, Iberdrolak jarritakoak baita ere, eta kezka horiek kontseilura ez eramatea kritikatu dio. "Zein da Iberdrolaren ordezkaritzaren ekarpena kontseiluan?", galdetu du. Siemens AGko ordezkariek ez dituztela enpresa horrekin lotutako eragiketen eztabaidan parte-hartzen ere azaldu du: "Erabakiak eragiten dituztela ez da egia, eta ez du fundamenturik".
Bi puntuak ez dira aurrera atera, Siemens AGk kontra bozkatu duelako. Hala ere, kritikei erantzun diote mahaitik Siemens Gamesako buruzagi nagusiek. Rosa Garcia administrazio kontseiluko presidenteak ziurtatu du egoitzaren kokapena ez dagoela "zalantzan", eta inork ez duela planteatu Bizkaitik mugitzea. Zuzendaritza taldeko zortzi kidetik sei Espanian bizi direla ere nabarmendu du.
I+G jarduera ez da lekualdatuko
Galderen txandan hitza hartu du Elena Martinez Vidal UGTko ordezkariak. Egindako kaleratzeak eta murrizketak gaitzetsi ditu. Siemens AGk Alemaniako langileei hiru urterako enplegu bermea eman ziela jakinarazi du, eta antzeko tratu bat exijitu du hemengo langileentzat. Era berean, I+G ataleko jarduerak kanpora lekudaltzeko arriskuari buruz ohartarazi du.
I+G jarduerak kanpora eramatea ez dela eztabaidatu ere egin erantzun dio Marcus Tacke kontseilari ordezkariak. Besteak beste, Iruñean ari da Siemens Gamesa hurrengo belaunaldiko produktuak garatzen, eta lan horretaz "harro" daudela adierazi du. Berregituratzeari dagokionez, Espainia dela "eragin txikiena" jasan duen herrialdea nabarmendu du.