Duela hamar urte Altsasuko Gamesako langileek egin bezala, Agoizko langileek ere martxa bat egingo dute fabrikatik Iruñeraino. 03:00etan irtengo dira, ostegunean, eta 10:00etan iritsiko. Ordu horretan hasiko du agerraldia Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko kontseilariak. Langileek itxiera gelditu eta lanpostuei eusteko eskatzen dute.
Martxak bat egingo du aurretik antolatutako greba egunarekin —langile batzordeak itxiera salatzeko beste lau greba egun iragarri zituen iraganean astean: uztailaren 16an, 29an, abuztuaren 6an eta 7an—. Datorren ostegunean, gainera, Irati Bizirik plataformak biltzar bat egingo du herriko plazan.
Hilabete hasieran itxiera iragarri zuenetik, hirugarren bilera izango dute ostiralean zuzendaritzarekin, kontsulta epeen barruan. Larunbatean, Irati Bizirik plataformak manifestaziora deitu du, 19:00etarako, Agoizko Siemens Gamesaren itxieraren aurka, bizirik diren herriak nahi ditugu lelopean.
Iragan astean Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin bildu ziren, eta aurreko egunetan beste hainbat bilera egin dituzte alderdietako ordezkariekin eta Unai Hualde parlamentuko presidentearekin. «Euren posiziotik zentzugabekeria hau amaitzeko ahal duten guztia egiteko eskatzen diegu. Guk gauza bera egingo dugu, eta, horregatik, mobilizatzen jarraituko dugu», adierazi dute langileen ordezkariek gaurko agerraldian.