Silikosia elkartea sortu dute hainbat kaltetuk

Desagertutzat ematen zen gaixotasun hori, baina indartu egin da kuartzozko aglomeratuak erabiltzen hasteaz bat

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
«Silikosia meatzaritzarekin batera amaituko zela pentsatzen zen arren, material berriak merkaturatu dira izan ditzaketen arriskuak behar bezala ebaluatu gabe», Fernando Idoiaga kaltetuaren esanetan. Azken urteetan, beraz, desagertutzat ematen zen gaixotasun hori berriz agertu da, kuartzozko aglomeratuen erabilera areagotzearekin batera. Material horrek %95ean dauka silize kristalinoa, eta sukaldeetako gainaldeetarako erabiltzen da batez ere. Idoiagak 24 urte pasatu ditu sukaldeak muntatzen. «Beraz, pentsa zenbat silizio arnastu ahal izan dudan», esan du. Silikosia elkartea sortu du Idoiagak, beste hainbat biktimarekin batera.

Elkartearen sorreran CCOO sindikatuaren babesa lortu dute, eta azpimarratu dute urtetik urtera kaltetuen kopurua hazten ari dela. Cepross erakundea Espainiako Gizarte Segurantzako gaixotasun profesionalen komunikazioaz arduratzen da, eta, hark emandako datuen arabera, 2011n hamabi pertsonari atzeman zieten silikosia Hego Euskal Herrian. Silikosia elkarteko kideek, ordea, salatu dute gaixotasuna ezkutatu egiten dela. Hori dela eta, gaixotasuna saihesteko neurriak hartzeko eskatu dute. Besteak beste, silize kristalinoa %20tik gora daukaten kuartzozko aglomeratuak debekatzea aldarrikatu dute, eta material horiek merkaturatu izanagatik erantzukizunak eskatu. Era berean, neumologoek silikosia atzematen dutenean lan gaixotasun gisa hartzeko ere eskatu dute.

Silikosia birikari eragiten dion gaixotasun bat da, silizea arnastearen ondorioz sortzen dena. Biriken gaitasuna murrizten du, eta atzerako bueltarik gabekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.