LABen aurka aste honetan egindako polizia operazioa salatu dute larunbat arratsalde honetan Iruñean, Borroka sindikala aurrera lelopean.
Asteartean sindikatuko sei kide atxilotu zituzten garbiketa sektorearen mobilizazio batean izandako istiluetan parte hartu zutelakoan, ISN enpresaren kamioi bat blokeatzegatik eta CENen egoitzaren aurrean protesta egin zutelako, martxoaren 8ko mobilizazioetan. Atxilotuetako bat asteartean bertan utzi zuten aske, eta gainerakoak hurrengo egunean, epaileak deklarazioa hartu behar izanik gabe.
Manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak esan du atxiloketok «beste jauzi bat» izan direla «sindikatuen aurkako eskala errepresiboan». «Oso eraso argia izan da sindikalismo borrokalariaren eta eredu sindikal feministaren aurka», azpimarratu du Aranburuk. LABen iritzian, «operazio propagandistiko bat» izan da.
«Mezu argia»
Mobilizazioan 900 pertsona inguruk parte hartu dute, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren arabera. Iruñeko Baluarte plazatik abiatu da martxa eta Sarasate pasealekuan amaitu da. Hiru emakume-zutabek ireki dute manifestazioa; pikete feminista leloa idatzita zuten txaleko moreak zeramatzaten soinean; haien aurretik atxilotutako sei sindikalistak joan dira -haietako lau emakumeak-, pankartarekin. «Sindikalismoa ez da delitua», «gora borroka feminista» eta patronalaren eta Poliziaren aurkako mezuak oihukatu dituzte bidean.
«Ikusten ari gara sistema kapitalista honen pean langileok ez garela demokrazian bizi», adierazi du LABeko ordezkariak komunikabideen aurrean. Nabarmendu du «elite ekonomiko bat gero eta botere gehiago» pilatzen ari dela eta «zigorgabe» sentitzen dela. Patronalari leporatu dizkio aste honetako atxiloketak. «Harrotuta ikusten dugu patronala, estatuko botere guztiak -legegilea, judiziala eta poliziala- kapitalaren zerbitzura daudelako».
Bere ustez, aste honetako operazioarekin «mezu oso argia» helarazi nahi izan dute, «ez bakarrik sindikatuarentzat, baita ezarritako ordena zalantzan jarri nahi dutenentzat ere». «Ikusten ari gara nola bidaltzen duten polizia enplegua defendatzen ari diren langileak erreprimitzera», esan du Garbiñe Aranburuk. Horren aurrean,azpimarratu du LABeko kideak ez direla kikilduko eta «sindikalismo borrokalaria eta eredu sindikal feminista praktikatzen» jarraituko dutela, «hori delako guk egiten dugun»