Sindikatu abertzaleak hasi dira gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadurak biltzen

Sinadura bilketa «mobilizazio masibo» bihurtzea nahi dute, eta izenpetzera dei egin dute. Alderdiei, erakundeei eta patronalei herritarren babesa dutela erakustea da helburua.

Sinadura bilketaren aurkezpena, gaur, Eusko Legebiltzarrean. ELA
Sinadura bilketaren aurkezpena, gaur, Eusko Legebiltzarrean. ELA
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 29a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Herritarrak gutxieneko soldata propioaren alde daudela frogatu nahi dute sindikatu abertzaleek. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek neurri horren aldeko sinadura bilketa hasi dute gaur, eta eskaria milaka lagunek izenpetzea dute helburu. «Gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari egingo dio mesede, bereziki egoera zaurgarrienean daudenei», adierazi dute.

Sindikatuek zera nahi dute, EAEk eta Nafarroak «beren errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata ezartzeko eskumena» izatea, Espainiakoa baino handiagoa izan dadin. Eztabaida hori da urte sindikalaren ardatza, eta ELAk eta LABek aldarri horri emango diote protagonismoa etzi, Maiatzaren Lehenean.

1.500

 

Gutxieneko soldata propioa. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herrirako gutxieneko propioa lortzeko kanpainari ekin diote aurten. 1.500 eurokoa izatea adostu dute, eta, hori lortzeko, bi herri ekinaldi legegile aurkeztu dituzte, bat Eusko Legebiltzarrean eta bestea Nafarroako Parlamentuan. Lehena tramiterako onartu dute; bigarrena, berriz, atzera bota dute, eta helegitea aurkeztu dute.

Gaurko agerraldia Eusko Legebiltzarrean egin dute. Han aurkeztua dute herri ekinaldi legegilea, eta sinadura bilketa beharrezkoa da ekinaldia babesteko. Sinadurak jaso ostean, legebiltzarrean eztabaidatu eta onartu beharko litzateke neurria, eta, onartuz gero, gauza bera egin beharko lukete Espainiako Kongresuan.

Dena den, herri ekinaldi legegileak aurrera egiteko ezinbestekoak diren sinadurak baino gehiago lortuko dituztelakoan daude sindikatuak: «Lantokiz lantoki, herriz herri, auzoz auzo lan egingo dugu sinadura eman nahi duen herritar orok horretarako aukera izan dezan».

Egoera ez da berdina EAEn eta Nafarroan, bertan parlamentuko mahaiak ez baitu tramiterako onartu ekinaldia. Hori ikusirik, sindikatuek helegitea aurkeztu dute, eta sinadurak baliatu nahi dituzte alderdi politikoei exijitzeko gaia parlamentura eraman dezatela.

«Premiaz behar dugu gutxieneko soldata propio bat pobreziari aurre egiteko, aberastasuna hobeto banatzeko eta arrakalei aurre egiteko», esan dute. Horregatik, herritarrei eskatu diete sinatzeko, alderdi politikoei ekinaldia babesteko, eta patronalei negoziatzeko eta akordio bat lortzeko. 

Eragileak konbentzitzeko

Confebaskek uko egin dio gutxieneko soldata propioa negoziatzeari, iritzita sindikatuek eginiko 1.500 euroko eskaera «enpresen errealitatetik kanpo» dagoela. Nafarroan, sindikatu abertzaleek gutxieneko soldata propioa aztertzeari «betoa jartzea» egotzi diote CEN patronalari, baita EAEn ekinaldia babestu duten biri ere, UGTri eta CCOOri. Hiru horien egoitzen aurrean protesta egin zuten apirilaren 14an.

Eusko Jaurlaritzari ere galdegin diote neurri horren alde bere baliabide guztiak aktibatzea, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak hilaren hasieran Imanol Pradales lehendakariari esan zioten moduan.

Herri ekinaldi legegilearen bidea alde batera utzita, eta egungo eskumenen barruan, lanbide arteko akordio bat lortzen ere saiatu dira sindikatuak. Confebaskek eta CENek, ordea, ateak itxi dizkiote aukera horri, eta, horregatik, bildutako sinadurak bi patronalei ere aurkeztuko dizkiete.

Esan dutenez, sinadura bilketa «mobilizazio masibo» bihurtu nahi dute, eta horien bidez alderdiei, erakundeei eta patronalei herritarren babesa dutela erakutsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.