ELA, CCOO, LAB eta UGT bat datoz: konponbide txarra da Eusko Jaurlaritzak Lanbide enplegu zerbitzu publikoaren etorkizunerako planteatu duen bidea. Horren arrazoiak azaldu dituzte gaur, Gasteizen eman duten prentsaurrean.
Hiru bulegotan egin dituzte lehen probak. Enplegu Sailaren asmoa da eredu berria beste hamasei bulegora hedatzea, eta udazkenean ebaluatzea. Proba horiek "erabateko porrota" izan dira, langileen ordezkarien aburuz, eta horregatik exijitu dute prozesu hori "berehala gelditzea", eta negoziazio bat abian jartzea, "zerotik hasteko". Eredu berriak langileen eskubideak eta Lanbideko lanpostuen zerrenda "urratuko" dituela uste dute.
Eredu berri horren oinarria langile balioaniztasunak dira. Hau da, Lanbideko langile orok zerbitzuak dituen eginkizun ezberdinak —DSBEaren kudeketa, lanerako orientazioa, edo formakuntza— bere gain hartu ahal izatea. Sindikatuen ustez, eredu horrek "ez du funtzionatuko". Lanbideko bulego zuzendarien %70ek idazki bat igorri dio sailari, kezka hori azaltzeko.
Sindikatuen ustez, gobernuaren asmoa da Lanbide DSBEaren kudeatzaile hutsa bihurtzea, gizarte laguntzaren ordainak bideratzea bihurtu delako lehentasun nagusia. Aldi berean, orientazioari edo formakuntzari dagozkion lanak kanpora atera eta beste entitateen eskuetan uzten ari dira.
Aldaketa gauzatuta ere, sindikatuek zalantzan jarri dute DSBEaren kudeaketa bera hobetzeko balioko lukeen. Formazio eta prestakuntza espezializaturik gabe, erantzunak "hainbat hilabetez atzera daitezke", ohartarazi dute.
Bihar bertan lehenbiziko mobilizazioak hasiko dituzte, hogei minutuko elkarretaratzeak deituta. Aste santuaren bueltan aldaketarik ez badago, asmoa dute lehen lanuzteak antolatzeko apirilaren amaiera aldera .