Sindikatuak, Banca Civicaren kaleratzeen aurka

Nafarroako Kutxaren aurrean bildu dira ELA, LAB, CCOO eta UGTn, bankuak 1.480 langile bota nahi dituelako

joxerra senar
Iruñea
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Banca Civicaren asmoen aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako Kutxaren Iruñeko egoitza nagusiaren aurrean. Banca Civicako arduradunek langileen batzordeko ordezkariekin bilera izan zuten herenegun, eta, bertan, hurrengo hiru urtetan 1.480 langile kaleratu eta 156 bulego ixteko asmoa azaldu zieten bankuko zuzendariek. Asmo horien aurkako «erabateko gaitzespena» azaldu dute sindikatuek, eta argi utzi dute «neurri traumatikorik» ez dutela negoziatuko.

Banca Civicako akziodun nagusiak lau aurrezki kutxa dira (Nafarroako Kutxa, CajaCanarias, Caja Sol eta Caja Burgos), eta iazko uztailetik akzioen %44 burtsan jaulkita dauka. Bat egitea gauzatuz geroztik, birkapitalizazio prozesu betean murgilduta dago, eta horren ondorio da, besteak beste, burtsaratzea.

Espainiako Gobernuak iragan astean iragarritako finantza erreformaren ondotik, ordea, kapital gehiagoren beharrean aurkitzen da bankua, eta, asteon jakinarazi duenez, beste 575 milioi euro beharko ditu. Banca Civicak jendaurrean esan du lehentasunezko partaidetzak jaulkita eta ezohiko diru sarrerak lortuta 1.150 milioi euro lortzeko asmoa duela. Plan horren barruan sartzen da industria partaidetzen salmena.

Gainera, herenegungo bileran, bankuko arduradunek azaldu zieten sindikatuei 2013ko abendura bitartean lan kostuetan 150 milioi euro aurrezteko asmoa dutela. Plan horren barruan sartzen da bulegoen itxiera eta langileen kaleratzea. CCOOko Juan Eseberrik salatu du Banca Civicak 400 langile kaleratu nahi dituela «martxoaren 31ko mugarekin». «Kontratu etete garbiak dira. Hala ere, ez dute zehaztu zer baldintzatan eta zenbateko kalte-ordainekin kaleratuko liratekeen langileak». Gainera, hurrengo bi urtetan beste 1.150 langile kaleratzeko asmoa luke bankuak.

Eseberrik gaineratu du Banca Civicak ez diela horrelako neurriak hartzea arrazoituko lukeen «negozio planik» aurkeztu. Dagoeneko, Banca Civicak 1.100 langile aurre erretiratu ditu, eta, Eseberriren arabera, jada ez da erretiro aurreratua eska dezakeen langilerik geratzen. «Neurri bakarra kontratuak etetea da». Sindikatuek aho batez hitzartu dute ez dutela kaleratzerik negoziatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.