Asteazkenean grebara deitu duten sindikatuek ez dute zalantzarik: «Erantzuna irmoa izango da». Dagoeneko 700 enpresa batzorderen baino gehiagoren atxikimenduak jaso ditu deialdiak, eta nabarmendu dute bereziki esanguratsua dela sektore publikoko batzordeek emandako babesa. Atxikimendu horietako asko, gainera, «aho batez» eman dira. Jaurlaritzak astelehenean jakinaraziko ditu gutxieneko zerbitzuak.
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek beste behin ere aldarrikatu dute «inposizioa eta erreformen aurrean» kalera irteteko garaia dela. «Euskal Herrian inposatu nahi diren murrizketa guztien kontrako aldarri zabala izango da».
Joan den ostiralean Iruñean egin zuten bezala, manifestazioak antolatu dituzte gaurko, greba egunerako lau egun besterik geratzen ez denean. Donostian eta Bilbon 17:30ean izango dira; Gasteizen, berriz, 19:00etan.
Confebask patronala irailaren 26ko deialdiaren aurka agertu da, martxoaren 29ko grebarekin egin zuen bezala. Miguel Angel Lujua presidenteak argi utzi zuen atzo: «Zentzugabekeria galanta da; gauza bat mobilizatzea da, eta beste bat greba orokorra egitea». Lujuaren arabera, deialdiak kalte egingo dio lehiakortasunari, krisitik atera ahal izateko hori bultzatu beharrean. Horrekin batera, Lujuak gogorarazi du ELArekin eta LABekin «erabat hautsita» dagoela harremana.
Deialdi horrekin bat egin ez dutenen artean dago LSB-USO —UGTk eta CCOOk ere ez dute babestu—. Bestetik, Solidari sindikatuak salatu du sindikatuek ez dituztela «ahal ziren ahalegin guztiak» egin Espainiako Gobernuaren neurriei erantzun bateratu bat emateko. Hala ere, eurek ere euren mobilizazioak prestatu dituzte, murrizketen aurka. Asteazkenean bertan, irailaren 26an, Iruñeko Vinculo plazan biltzeko deia egin dute, 11:00etan. CGTk eta beste hainbat gizarte eragilek bat egin dute deialdiarekin.
Sindikatuek diote langileen erantzuna «irmoa» izango dela greba egunean
Confebaskek uste du «zentzugabekeria» dela greba egitea, eta kalte egingo diola lehiakortasunari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu