Sindikatuek espero dute Diako lemazain aldaketak kaleratzeak geldiaraztea

Zuzendaritzaren porrota ikusita, ELAk eta LABek kaleratzeak eteteko eskatu dute. Bihar amaituko da kaleratze dosierraren kontsulta epea

DIAko langile grebalarien manifestazioa, joan den ostiralean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Gipuzkoako langile grebalarien ordezkariak Dia supermerkatuen akziodunen batzarraren atarian egon ziren atzo goizean, protestan, Madrilen. 05:30ean abiatu zen autobusa Barakaldotik (Bizkaia), akziodunek batzarraren atarian bertan entzun zitzaten kaleratzeen kontrako oihuak. Arratsaldean, ostera, ELAko eta LABeko ordezkariek Eusko Legebiltzarreko Lan eta Justizia batzordean azaldu zuten zein den Diako langile grebalarien egoera: supermerkatuak 81 behargin kaleratu nahi ditu Euskal Herrian, eta bihar amaituko da kaleratze dosierraren kontsulta epea. Langileek hamar egun daramatzate greba mugagabean, eta, negoziazio mahaia Madrilen dagoenez, ELAk eta LABek ez daukate ordezkaritzarik.

Egun erabakigarria izan zen atzo Diarentzat, Madrilgo batzarrak bidea erraztu baitzion atzo Mikhail Fridman enpresari errusiarrari Diaren kontrola bereganatu ahal izateko. Batzarrak atzera bota zuen administrazio kontseiluaren proposamena, eta Fridmanena onartu.

«Orain, ikusi egin behar dugu Fridmanen aukerak nola eragingo dien kaleratzeei», azaldu du Luis Fernandezek, ELAren Zerbitzuen adarreko arduradunak. 2.100 pertsona kaleratzeko dosierra —tartean Hegoaldeko 81 langile— atzo atzera botatako kontseiluaren planaren parte zen; beraz, Fernandezek uste du logikoena litzatekeela dosierra bertan behera uztea. «Baina gauza bat da logika normala, eta, beste bat, Diaren logika ultrakapitalista».

Ez daki Fridmanen funtsak zer jarrera daukan kaleratzeekin; «hori bai, agintaritza berriari eskatzen diogu dosierra ezabatzeko eta beste era batera lan egiten hasteko». Bihar amaitzen da dosierraren kontsulta epea; beraz, baliteke egunotan argitzea kaleratzeen auzia. «Hor ikusiko da atzo batzarrean gertatutakoak eraginik izango duen ala ez».

Ataka estuan dago Dia, kiebraren atarian: iaz 352 milioi euroren galerak izan zituen, eta 912 milioi euroko zorra dauka bankuekin. Zulotik ateratzeko, zuzendaritzak proposatu du akziodunek 600 milioi euro jartzea eta erreskate plana aurrera ateratzea, baina batzarrak ezetz esan zion atzo.

Bi hilabeteko epea

Aldiz, batzarrak onartu egin zuen Fridmanen plana. Haren LetterOne funtsak —Diaren akzioen %29 dauzka— 500 milioi eurotan handituko du kapitala, betiere lehenago Fridmanek Dia erosten badu EEP Erosteko Eskaintza Publiko baten bidez, akzioa 0,67 eurotan ordainduta. CNMVk eman behar du oniritzia orain.

LetterOne funtsaren pisu handia (%29) eta atzoko akziodunen batzarrean izandako parte hartze txikia —akziodunen %54,3 baino ez ziren joan— gakoak izan ziren Fridmanen proposamenak aurrera egin ahal izateko. Akziodunen %60tik behera zeudenez batzarrean, nahikoa izan ziren LetterOneren botoak edozein proposamen onartzeko edo atzera botatzeko.

Fridmanen eskaintza aukera bat bihurtu da enpresa kiebrara ez erortzeko, baina, egitekotan, Diak bizkor egin behar du jokaldia: bi hilabetean kontuak orekatu ezean, enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuko baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.