Greba sektore publikoan

Sindikatuek «erantzun zabalaz» hitz egin dute; Jaurlaritzak asko txikitu ditu datuak

Gutxieneko zerbitzuen ondorioz «milaka langileri greba eskubidea ukatzea» leporatu diote sindikatuek Jaurlaritzari.

Iker Aranburu.
2021eko apirilaren 22a
14:30
Entzun

Ohiko kopuru gerra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoaren grebaren balorazioan. «Oso erantzun zabala» izan da sindikatu deitzaileen arabera —ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilas—, baina datu gutxi eman dituzte. Horien artean, hezkuntzan %55ek bat egin dutela greba deialdiarekin, eta herenek justizia arloan.

Datu horiek ez datoz bat Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak emandakoekin. Haren arabera, hezkuntzan, langileen % 29,4k egin dute bat lanuztearekin, eta justizian, berriz, % 2,84k.

Beste arloetan ere grebak erantzun txikia izan duela zabaldu du Garamendik: administrazio orokorrean, langileen %16,4k egin dute greba, eta %15,52k Lanbiden. Osakidetzan, are txikiagoa izan da erantzuna, %2,87koa. Hori bai, desberdintasunak daude  kategorien arabera. Adibidez, erizainen artean %2,66k egin dute greba; medikuen %1,13k; eta gainerakoetan, %4,58k. Garamendi sailburuak nabarmendu du osasun zentro guztiak irekita daudela. «Herritarrei arreta normal ematen ari gara, eta, batez ere, COVID-19rekin lotuta dauden zerbitzu eta arreta guztiak eskaintzen ari gara», esan du.

Osakidetzako datuak gutxieneko zerbitzu oso handien ondorio direla erantzun diote sindikatuek, eta Jaurlaritzari egotzi diote «milaka langileri greba eskubidea ukatzea».

Haien datuen arabera, udalik handienetan, langileen erdiek baino gehiagok greba egin dute. Horien artean nabarmendu dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriburuak; Amurrio eta Laudio Araban; Basauri, Durango eta Sestao Bizkaian; eta Beasain, Bergara, Errenteria, Hernani eta Ordizia Gipuzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.