Landabengo lantegian urtebete daramate lan ituna negoziatzen, baina oraindik ez dute akordiorik lortu. Hasieran langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek UGTk, CCOOk, LABek, CGTk eta CCk akordio bateratua lortu zuten, baina zuzendaritzak ez zuen onartu. Orain, sindikatuen arteko batasuna hautsi egin da eta bakoitzak bere proposamena egin du. Volkswagenen eskaintzari beste bi gehitu behar zaizkio. Batetik, UGTk eta CCOOk adostu duten proposamena. Eskaintzarekin bat egin du CCk. Bestetik, LABek eta CGTk adostu dutena. Informazio guztia lortuta, Landabengo lantegian lan egiten duten 4.132 beharginek bozketa eginen dute etzi. Bozketan sindikatuek egin dituzten bi eskaintzen artean aukeratu beharko dute. Goizaldeko 01:00ean hasiko dira botoa ematen. Bozketak 19:00ak arte iraunen du. Emaitzak 22:00etan jakinen dira.
- UGT-CCOO: Bi sindikatuok adostu duten proposamenak lau urteko iraupena eskatzen du, 2005etik 2008ra artekoa. Urtean 209 laneguneko izatea nahi dute. Hala, egun dituzten lanegunei lau egun kentzen dizkiote eta zuzendaritzak eskaintzen duena baino egun bat gutxiagokoa da. Hasieran langile batzordeak egindako eskaintzatik urruti dago. Batzordeak 35 orduko lan astea proposatu zuen, urtean 199 egun, alegia.
Soldatari dagokionez, 2005. urtean %1eko igoera nahi dute. Horri gehitu beharko litzaioke soldatan egonkortu eginen liratekeen 250 euroko bi diru sari. Lehenengoa aurten ordaindu beharko litzateke, eta bigarrena ituna sinatzen denean. Itunak irauten duen beste hiru urteetan %0,5eko igoera eskatu dute. Malgutasunari dagokionez, gehienez bederatzi eguneko lan poltsa eskaini dute. Horrek esan nahi du produkzio beharren arabera lanegunak urtean 200 egunera jaitsi ahal izanen direla edo 218ra igo. Lantegiaren etorkizuna bermatzeko, berriz, Iruñeko lantegiak oraingo Polo autoaren ordezkoaren esklusibotasuna izatea eskatu dute.
- LAB-CGT: Biek ala biek ituna luzea ez izatea defendatu dute, baina ez dute zehaztu zenbateko iraupena izan behar duen. Lanaldia urtean 199 egunekoa izatea proposatu dute. Soldata igoera, berriz, KPI gehi %1,5 puntukoa izatea. 199 eguneko lanaldiarekin produkzio eskaintza ez balitz beteko, enpresa egun gehiagotan irekitzea onartuko lukete, baina industria egun gisara zenbatuko lirateke.
Lantegia egun gehiagotan zabaltzeko baldintza batzuk jarri dituzte: langileek itunak ezartzen dituen lanegun guztiak agortzea, eta ondoren eguneroko produkzioa igo lantegiaren ahalmena bete arte. Ahalmen hori gainditzean auto eskaera betetzen ez bada bakarrik onartuko dute egun gehiago lan egitea.
- ZUZENDARITZA: UGT eta CCOO sindikatuek lau urteko lan ituna proposatu dute, baina soldata igoera KPIren araberakoa litzateke. Urteko lanaldiari dagokionez, 210 egunekoa nahi du zuzendaritzak eta 12 eguneko malgutasuna.
Datua
4.132
Etzi, bozketa: Nafarroako Volkswagenen lan egiten duten 4.132 langileek bozketa eginen dute etzi. Beharginek bi proposamenen artean erabaki beharko dute. Batetik, CCOOk eta UGTk adostu dutena dute aukeratzeko, eta, bestetik, LABek eta CGTk egin dutena.
VW TALDEA
Ustelkeria auziak inori esan gabe argituko dira
Gardentasun irudia eskaintzeko eta ustelkeria kasuak saihesteko enpresa egitura berria antolatu du Volkswagen taldeak. Egitura berriaren arabera, gerta daitezkeen ustelkeria auziak «inori deus esan gabe» argituko dira. Auzia bi abokaturen esku utziko da. Abokatuok informazioa aztertuko dute, eta, ondoren, multinazionalari itzuliko diote. Gero, talde barruko kontu ikuskaritzak eta segurtasuna eta legezkotasuna mantentzeko sailak auzi bakoitza ikertuko dute, eta behar diren neurriak hartuko dituzte.VWeko funtzionamendua «irekia eta gardena» izatea da helburua. Gogoratu behar da hainbat goi karguk dimisioa eman zutela iaz ustelkeria auziengatik.