ekonomia

Sindikatuen esanetan, erantzun handia ari da izaten Gipuzkoako metalgintzako greba

LABen arabera, langileen %85ek bat egin dute lanuztearekin, eta Tolosaldean eta Urola Kostan ari da izaten eraginik handiena. LAB eta ELA sindikatuen goizeko protestak jendetsuak izan dira. Arratsaldean hainbat herritan egingo dituzte manifestazioak.

Berria.info
2013ko maiatzaren 24a
17:28
Entzun

Arcelor Olaberria, CAF, Indar, GKN Zumaia, Guerra Hermanos, Juaristi, Biele, Zardoya Otis, Rodisa eta RTS enpresak erabat itxita daudela jakinarazi du LABek. Enpresa ertain eta txikietan zailagoa da grebaren erantzuna neurtzea, baina haietako asko eta askotan ere ez direla ari lanean dio sindikatuak. Haren arabera, Gipuzkoako metalgintzako langileen %85ek bat egin dute lanuztearekin. ELAren esanetan ere, "erantzun orokorra" izan du protestak.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dituzte grebara metalgintzako langileak, eta hainbat mobilizazio izango dira egun osoan, baina nork bere aldetik. ELAkoek elkarretaratzea egin dute Adegiren egoitza aurrean, 11:00etan. LABek deituta, berriz, manifestazioa egin dute handik aterata, 11:30ean, eta eguerdian elkarretaratzea patronalaren egoitza aurrean.

ELAren protesta


Miramongo Parke Teknologikoaren eraikuntza nagusiaren eta Adegiren egoitzaren erdian jarri dira ELAko langileak, trikitiarekin girotzen protesta. Ikurriñak eta ELAko banderak barra-barra egon dira. Adegiren atarian jarri dute pankarta: ”Erreforma gelditu”. Ertzainak ere hantxe jarri dira. Elkarretaratzea amaitzerakoan, "duela 951 egun makurrarazi" zituztela esan du Unai Martinez metaleko arduradunak, metalezko azken grebaren osteko akordioari erreferentzia eginez. ”Gero erreforma iritsi zen, eta esplotazioari lege kategoria eman diote. Ez gaude prest hori onartzeko”
Erreforma lan bizitzatik kanpo atera behar dutela nabarmendu du, "jentillaje hori kanpora atera behar dugu. Uste dute edozer sinatuko dugula, baina oker daude: zain ditugu enpresetan”.

Gipuzkoan bezala, Hego Euskal Herriko beste lurraldeetan ere berritzeke eta galtzeko arriskuan dute ituna metaleko langileek. ELAk Araba, Bizkai era Gipuzkoarako ”astebeteko mobilizazio eta grebara” deitu zuen atzo. Gainontzeko sindikatuek ez dute oraindik erantzun. Litekeena da gaur zerbait argitzea deialdi horri buruz.


ELAk deitutako mobilizazio aste horretan, ekainaren 17an hasita, greba egun bakarra egongo litzateke, hilaren 21ean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan CCOOk eta UGTk akordiorako oinarria sinatu zuten patronalarekin urte hasieran, baina ituna ez da gauzatu oraindik.

LABen protesta


LABek manifestazioa egin du Adegiren ataritik hasira. Oso jendetsua. ”Adegi entzun, zu zara errudun”, diote langileek. ”Hemen bizi, hemen erabaki", oihukatu dute, Ainhoa Etxaide manifestazioaren buruan egon dela. ”Lan Erreforma, patronalarentzat”, diote manifestariek. Miramongo enpresetako langileak leihora atera dira manifestazioa ikustera, ”hitzarmenik gabe, bakerik ez”.”Gipuzkoako hitzarmenaren alde”, dio LABen pankartak. Martxa Adegiko atetik aldendu arren, ertzainak ez dira handik mugitu, talde bereziko hogei bat polizia daude atea zaintzen.

Jonander Goñi LABeko metaleko arduradunak hartu du hitza: ”Gipuzkoako metalgintza itxi dugu gaur. Erantzun zoragarria izan da, %85ek baino gehiagok jarraitu dute greba. Adegik entzun beharra dauka langileek esan diotena”.Itun kolektiboa nahi dutela "argi" esan dute gaur langileek: "mehatxuen gainetik metala grebara atera da. Durla hiru urte zazpi egun egin behar izan genituen greban, eta orain horretara behartzen bagaituzte horretara joango gara".

"M30ean denen artean herri harresi sendo bat eraikiko" dutela aurreratu du, "pentsionista, langile era herritarren artean”.

Astebeterako grebara joateko ELAren deialdiari ez dio erantzun oraindik LABek. LItekeena da gaur ematea horren berri.

Arratsaldean, protestek hainbat herritan jarraituko dute, besteak beste, Hernanin (18:00), Beasainen (18:00), Zumarragan (18:30), Bergaran (18:30), Tolosan (19:00), Errenterian (19:00) eta Eibarren (19:00). CCOOk Donostian egingo du protesta. Sindikatuko ordezkariak 11:30ean aterako dira Alderdi Ederretik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.