Sindikatuentzat, %90eko oihartzuna izan du grebak; Adegirentzat, %25ekoa

Benetako negoziazioei ekiteko eskatu diete elkarri langileen ordezkariek eta patronalak

Miren Garate.
Beasain
2010eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Gipuzkoako metaleko greba deialdiak izandako erantzunarekin gustura geratu ziren sindikatuak eta Adegi. «Erabateko arrakasta» izan zen langileen ordezkarientzat; «porrota», aldiz, enpresaburuentzat. Bada, bigarrenarekin are gusturago geratu dira. ELAk eta LABek diote joan den astean itxi ez ziren enpresa batzuetan ere greba egin dutela oraingoan, eta protestak %90eko oihartzuna izan duela. Euskadiko CCOOk %85eko kopurua eman du. Adegiren esanetan, aldiz, metaleko langileen %75 lanera joan dira, aurreko astean baino %10 gehiago.

ELAk, LABek eta CCOOk antolatutakoa zen atzoko greba. Lehen biek elkarrekin egin zuten deialdia, eta CCOOk bere kasa. Azken horrek greba bai, baina ez zuen manifestaziorik egin. ELAk eta LABek eskualdeka banatu zituzten protestak: Errenterian, Hernanin, Bergaran, Azpeitian eta Beasainen izan dira. Azken horretan egon ziren Unai Martinez eta Alberto Cristobal ELAko eta LABeko metaleko idazkari nagusiak.

Azaldu zuten lehen grebaz geroztik ez dutela bilerarik egin patronalarekin. «Ez du negoziatzeko inolako borondatetik; mesprezuzko jarrera du». Adegik aurreko grebaz egindako balorazioaz galdetuta -%35eko erantzuna izan zuela esan zuen, eta sindikatuek %90ekoa-, patronala «errealitatetik kanpo» dagoela azaldu zuten. «Hori esateak erakusten du lotsarik ez duela. 2010ean errealitatearen barruan dagoen patronala behar dugu, ez gezurretan ari dena». Beste bi greba ere egingo dituzte ELAk eta LABek, datorren ostegunean eta ostiralean. Horiek ere arrakastatsuak izango direla uste dute, enpresa gehienetan lau egunekoprotesta egitearen alde bozkatu dutelako.

CCOOk bi eguneko greba antolatu zuen, eta atzokoa azkena izan zen. Hala ere, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa du. «Negoziazioa eta protesta bateratuko ditugu». Adegiri «negoziazio mahai lehenbailehen irekitzeko» eskatu do. «Ezin die entzungor egin metaleko langileen eskaerei».

Grebek «kalte bakarrik»

Sindikatuen bestelako iritzia eman du enpresaburuen elkarteak. «Aurreko ostiralean itxita egon ziren enpresa batzuetan atzo lan egin zuten. Grebak indarra galdu du», esan zuen. Haren iritziz, langileek badakite lanpostuak mantendu ahal izateko «gehiago eta hobeto» egin behar dutela lan. «Manifestazioek, grebek eta mobilizazioek kalte besterik ez diete egiten enpresak lehiatzeko egiten ari diren ahaleginei», esan du.

Langileek emandako «ardura eta buruargitasun adibideari» erreparatzeko eskatu die sindikatuei. «Negoziazioetara itzuli behar duteiraganari lotutako immobilismo eta dogmatismoak alde batera utzita. Behingoz, enpresen etorkizunaren aldeko apustua egin behar dute».



Mercedeseko langile batzordeak ez du onartu hirugarren espedientea

Urtebeteko enplegua erregulatzeko espedientea jarri nahi du indarrean Gasteizko Mercedesek. Onartuz gero, 55 eguneko iraupena izango luke, eta enpresako 3.150 langileetatik 2.874ri eragingo lieke, aurtengo uztailaren 1etik datorren uztailaren 1era artean.

Langile batzordea ez dago ados espedientearekin, eta ez sinatzea erabaki zuen atzo. UGT ez beste sindikatu guztiak agertu dira aurka. UGTko ordezkarientzat, enpresak aurreko espedienteetako baldintzak mantendu ditu, eta lanpostuei eusteko aukera ematen du.Gaur egun ere erregulazioan daude Mercedeseko langileak, eta Lan Sailak onartuz gero, hirugarrena izango litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.