Langileen eskubideak

Sindikatzeagatik kaleratuak

Enpresetako hauteskunde sindikaletara aurkezteagatik kaleratutako zenbait beharginen kasuak azaleratu dira azken asteetan. Ez da erraza epaitegietan erakustea hori dela bota izanaren arrazoia.

ESK Froneri
ESK-k Froneriren aurka egindako protesta, Araian (Araba), urtarrilaren 25ean. ESK
Paulo Ostolaza.
2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

«Zigor bat jarriko ziotela uste genuen, baina kaleratze gutuna jaso zuen». Araiako (Araba) Froneri izozki fabrikatzaileko langile baten kasua kontatu du ESK Sindikatuko Ekaitz Saez de Buruagak; argi du euren afiliatua enpresan lan sindikala egiteagatik kaleratu zutela, eta sindikatua ahaleginak egiten ari da lantegira itzul dadin. «Gainera, zuzendaritzaren jarrera ikusita, egur gehiago emateko gogoa du».

Tantaka, baina etengabe azaleratzen dira enpresek jardun sindikala egiteagatik kaleratzen dituzten beharginen kasuak. Zein aitzakia baliatzen dituzte? Nola jokatzen dute sindikatuek? Langileak lanpostura itzultzen dira?

Froneriko kasua xehe-xehe azaldu du Saez de Buruagak. Behargina enpresako hauteskunde sindikaletara aurkezten saiatu zen uda hasieran, baina ez zuen lortu hautagaien zerrenda osatzerik. Hala ere, enpresan ESK-ko atal sindikala sortu zuen uztailean. Abuztuan hasi ziren arazoak. Familia kontu bat tarteko norberak hartzeko egunak eskatu zituenean, oztopoak jarri zizkion enpresak. Sindikatuaren arabera, orduan hasi zen jazarpen sindikala.

«Azken boladan nabaria da errepresio sindikala, eta sindikatu txikioi ere iristen zaigu gure partea».EKAITZ SAEZ DE BURUAGAESK Sindikatua

Urriaren hasieran bota zuten enpresatik. Saez de Buruaga: «Robotizazioagatik planta berrantolatzen ari zirela zioen gutunak, baina horrek ez du zentzurik. Kaleratua mantenuko langilea zen». Hilaren 4an eman zioten gutuna, eta, 19ra arte lanean jarraitu behar zuen arren, lantegian sartzea debekatu zion enpresak. Ezin izan zuen parte hartu bere egoera salatzeko egin ziren asanbladetan. Langileek egin zituzten mobilizazioak, baina «gehiago estutu zezaketen», ESK-ren iritziz.

Horrelakoetan bi lan ildo lantzen dituzte sindikatuek: arazoa publikoki salatzen dute, eta bide judizialari ekiten diote. Froneriko kasuaren epaiketa martxoaren 18an izango da. Afiliatuak argi du lanera itzuli nahi duela: «Agurainen bizi da, etxetik gertu du lantegia, eta lana gustuko du». Saez de Buruagaren ustez, azken boladan «nabaria» da errepresio sindikala.

Edozein aitzakia

Froneriko kasua ez da salbuespena. Antzekoa da ELAk Arteako (Bizkaia) Euskaloil enpresan salatu berri duena, eta berresten du enpresen jokabide patroi jakin bat: lan sindikala egiteagatik izaten diren kaleratze gehienak bozak egin baino lehentxeago gertatzen dira. Iratxe Ordorika sindikatuko zerbitzu juridikoen koordinatzailea da, eta azaldu du «mugekin» jokatzen dutela konpainiek. Haren arabera, «Espainiako Konstituzioan oso babestuta daude askatasun sindikala eta grebarako eskubidea, eta, horri esker, ordezkari bat ezin da kaleratua izan hautatua izan den unetik». Horregatik, afiliatuak oraindik hautagaiak diren unea baliatzen dute haien kontra egiteko. Sindikatuek antzeko zenbait kasu salatu dituzte azkenaldian; LABek, adibidez, Gasteizko Saltoki logistika zentroan.

«Ordezkari sindikalak oso babestuta daude, eta ezin dituzte kaleratu. Hautagai direnean botatzen dituzte».IRATXE ORDORIKAELA Sindikatua

Oihane Lopetegik, LABeko ekintza sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren arduradunak, salatu du jazarpen sindikala «ohikoa» dela, eta baieztatu du hauteskunde sindikalak egitear diren enpresetan gertatzen direla kaleratze gehienak. Azaldu duenez, sindikatuek auzitara jotzen duten kasu askotan, ez da erraza izaten erakustea kaleratzea jazarpen sindikalagatik izan dela. Dena den, esplikatu du hori dela biderik eraginkorrena: «Sententzien bidez lortzen dugu beharginak berriz hartzea; enpresak horrelako erabakietan atzera egitea ez da erraza».

Langileak zergatik kaleratzen dituzten galdetuta, sindikatuetako ordezkariek azaldu dute «edozein aitzakiak» balio diela, eta beti topatzen dutela zirrikituren bat: errendimendu falta, lan kontratuen amaiera... Saltokin, adibidez, migratzailea zen LABen ordezkaria, eta lanerako baimena iraungi zitzaiola esan zuen enpresak. Ordorikak gehitu du «oso erabaki azkarrak» izaten direla —langilea bozetara aurkeztuko dela jakin bezain pronto hartutakoak—, eta normalean ez direla oso argi geratzen arrazoiak.

«Sententzien bidez lortzen dugu langileak berriz hartzea; enpresak atzera egitea ez da erraza».OIHANE LOPETEGILAB Sindikatua

Eta beharginak itzuli egiten dira jazarpena egin dien enpresara? ELAko abokatuak dioenez, normalean bai: «Eskubide sindikalak defendatzen ari dira, eta legearen babesa dute. Epaile batek erabaki duelako, bai, baina babestuta sentitzen dira». Bestelakoak dira ordezkari sindikalak ez diren beharginek enpresara itzultzea lortzen duten kasuak: «Buelta ez da erraza izaten, eta, beharrezkoa bada, beste irtenbide batzuk topatzen ditugu».

Atomizazioa, azpikontratek eragindako arazoa

Garai berriek erronka berriak sortu dizkiete sindikatuei. LABeko Lopetegik hizpide izan du Amazonen gertatutakoa. Dioenez, ezin dituzte langileak antolatu; horretan hasten direnean, kaleratu egiten dituzte, eta Amazonek beste enpresa bat azpikontratatzen du. «Jazarpena gauza bat da, baina langileak ez antolatzeko mekanismoak ere geroz eta ugariagoak dira»; aipatu ditu uberizazioaren fenomenoa, Glovo eta autonomo faltsuak... Horien artean atomizazioaren arazoa nabarmendu du, azpikontraten oparoaldiak eragindako fenomenoa. «Enpresa berean mila azpikontrata topatu ditzakegu, eta horrek asko zailtzen du antolakuntza», nahiz eta helburua «beti berdina» den: «Prekaritatea areagotzea eta langileen antolakuntza oztopatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.