Sinesgarritasuna jokoan

Europako Bankuen Agintaritzak ekaina bitartean egingo ditu finantza erakundeen sendotasuna neurtzeko estres testakEBAk iazkoak baino gogorragoak direla dio, baina aurtengoak ere hutsune ugari ditu

jakes goikoetxea
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Europako finantza erakundeei iaz aplikatutako estres testek inor gutxi konbentzitu zuten: alde batetik, finantza erakundeetako asko frogetatik kanpo geratu ziren; bestetik, froga aplikatu zieten batzuek gainditu egin zuten, baina gainditu eta gutxira agerian geratu zen sekulako zuloak zituztela. Irlandako zenbait bankurekin gertatu zen, testak gainditu eta lau hilabetera.

Beraz, aurtengo estres testak batez ere sinesgarritasun frogak dira Europako Batasunarentzat eta bertako finantza erakundeentzat. Europako Bankuen Agintaritza (EBA) arduratzen ari da aurtengoez. Urtarrilean sortu zuten erakundea.

1. Zer dira estres testak?

Finantza erakundeek zer-nolako sendotasuna duten neurtzeko tresna. Baldintza ekonomikoek okerrera eginez gero aurre egiteko duten gaitasuna neurtzen du. Testek agerian uzten dituzte finantza erakundeek izango lituzketen kapital premiak.

2. Zenbat iraungo dute?

Martxoan hasi eta hiru hilabetean egingo dituzte. Emaitzak ekainean jakingo dira.

3. Zeini aplikatuko zaie?

Finantza erakundeen kopurua «antzekoa» izango da. Iaz, 91 izan ziren. Gutxienez, Europako Batasuneko herrialde bakoitzeko finantza aktiboen erdiari, sektorearen %65 guztira. Espainiaren kasuan, hango gobernuak hala erabakita, finantza erakunde ia guztiei aplikatuko zaie, %90etik gora.

4. Zein hipotesi aplikatuko dituzte?

EBAk berak nabarmendu du aurtengo estres testen gogortasuna erabiliko dituzten hazkunde aurreikuspenetan dagoela. Europako Batzordeak espero dituenak baino hazkunde apalagoak aplikatuko dituzte: eurogunean BPGaren %0,5eko jaitsiera aurten eta %0,2koa datorren urtean; Europako Batasunaren kasuan, berriz, aurten %0,4ko uzkurtzea eta hazkunderik ez 2011n. Iazko udakoak baino hazkunde nabarmen txikiagoak dira.

Aurtengo estres testetan ez dituzte aintzat hartuko zenbait finantza erakundek beren egoera konpontzeko hartu dituzten neurriak edo onartu dituzten planak. Iaz aintzat hartu zituzten, eta zenbait finantza erakundek gero ez zituzten lortu planetan iragarritako emaitzak.

5. Eta Espainiarieta Frantziari?

Espainiari bi urteko atzeraldia: aurten BPGaren %1 eta 2011n %1,1 uzkurtzea —Europako Batzordeak %1,7ko eta %0,7ko hazkundeak espero ditu—. Langabezia tasa igotzea, %22,4, 2011n. Etxeen prezioen merkatzea handia izango litzateke, %22 bi urtean. Espainiak bere zor bonuengatik ordaindu beharreko interesa oinarrizko 165 puntu igoko litzateke.

Frantziaren kasuan hipotesian ekonomia aurten %0,4 eta datorren urtean %0,2 haztea aplikatuko dute. Langabezia tasa %9,6koa eta %9,4koa izango da testetan, hurrenez hurren.

6. Zein kritika egin dizkiote?

Aplikatuko dituen hipotesietako batzuk samurregiak direla. Esaterako, finantza erakundeen akzioak burtsetan balioaren %15 galtzea. Portzentaje hori 2010eko estres testetako %20koa baino apalagoa da.

Patrick Jenkins Financial Times-eko Banku editoreak lehengaien prezioen garestitzeak —petrolioarenak batez ere— makroekonomian duen eragina baztertzea leporatu die. «Agintariak krisiaren hasieran egin zuten okerra errepikatzen ari dira», dio. «Iraganeko arazoei ikuspegi estuarekin begiratzen, kale kantoian egon daitekeenari arreta jarri gabe».

Eta herrialdeen zorra? Estres testetan ez dituzte aintzat hartuko finantza erakundeek beren balantzeetan duten herrialdeetako zorra. Erabaki hori kritikatu dutenek diote arrisku handia dagoela Greziak eta Irlandak zorrak ordaintzeari uzteko, inbertsoreei galerak eraginez.

Finantza erakundeen likidezia premiak ere ez dituzte aintzat hartuko.

Horrez gain, ez dute argitu kaudimenaren muga non jarriko duten. Iaz, Tier 1 indizea erabili zuten. %6koa izan zen muga. EBAk esan du aurten «gogorragoa» izango dela, baina ez du zehaztu zenbat. Basilea III akordioaren arabera, %8,5ekoa izan behar du 2019an.

7. Testek zer ondorio izango dituzte?

Iaz CEBSi egin zitzaion kritika nagusietako bat izan zen ez zuela tresnarik onartu edo bultzatu testak gainditu ez zituzten finantza erakundeak kapitala eskuratzera behartzeko. Herrialde batzuek tresnak onartu dituzte hori egiteko; beste batzuek, ez. Greziako banku batzuek oraindik ez dituzte konpondu testek antzemandako diru arazoak.

EBAk Europako gobernuei agindu die estres testen emaitzak jakiten direnerako onar ditzatela arazoak dituzten finantza erakundeek kapitala lortzeko premiazko tresnak.

8. Zer gertatu zen iazko frogetan?

Testa egin zieten 91 finantza erakundeetatik zazpik ez zuten gainditu. Horien artean zeuden Banca Civica eta CajaSur —BBK-k bereganatu zuen—. Frogen arabera, ekonomiaren egoera eta finantza sektorearena asko okertuz gero, Banca Civicak 406 milioi euro behar zituen; CajaSurrek, berriz, 208. Hego Euskal Herriko gainerako aurrezki kutxek eta bankuek testak gainditu zituzten: Banco Guipuzcoanok —ozta-ozta—, BBK-k, BBVAk, Euskadiko Kutxak, Kutxak eta Vitalek.

9. Eta Basilea III?

Estres testak eta Basilea III bateragarriak dira. Batak finantza erakundeen egoera neurtzen du —asmoa urtero egitea da—; besteak baldintza zorrotzagoak ezarri dizkie. Basileako batzordean daude Europako Batasuneko 27 herrialdeetako banku zentraletako gobernadoreak eta zenbait finantza gainbegirale. Iazko irailean finantza erakundeei baldintzak zorroztu zizkieten, Basilea III deitutako akordioan. 2013-2019 arteko epea izango dute baldintza berrietara egokitzeko: %7ko oinarrizko kapitala gorde beharko dute —gaur egun %2— eta Tier 1 kaudimenaren indizeak %8,5ekoa izan beharko du —gaur egun %6koa da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.