Ohiz kanpokoa da gutxieneko soldata tenorea baino lehen igotzea. Lan Kodeak dio azken soldata emendatzetik landa, KPI %2 baino gehiagoz hazi bada, SMIC horren arabera igoko dela, uztailaren zain egon gabe. Hori gertatu da aurten. Azkenik, 1996an gertatu zen. Martxoan berean, prezioak %0,8 igo ziren. Frantzian eta Ipar Euskal Herrian ez zen horrelakorik gertatu, 1987tik hona. Urte osoko inflazioa %3,2koa zen, 1991tik hona izandako handiena. Horrek erosahalmenaren murriztea eragiten duela-eta, SMIC en diren langileen soldata epea baino lehen igotzera behartu zuen Frantziako Gobernua.
Uztailaren 1aren zain zeuden langileak eta sindikatuak, KPIaz haragoko igoerarik izanen zen ikusteko. Frantziako Gobernuak argiki erran zuen ezetz. Nicolas Sarkozy Errepublikako presidentearen iritzia berretsi zuen Xavier Bertrand Lan ministroak. Ez dute SMIC «politizatu» nahi, eta ordu estrak egitera animatu nahi dute. Frantziako Gobernuak soldata guztien igoera ziurtatu nahi duela berretsi zuen Bertrand ministroak.
Frantziako Gobernuaren erabakiarekin bat dator Laurence Parisot Medef patronalaren erakundeko burua. SMIC irizpide politikoen arabera igotzeko ordez, «irizpide ekonomiko argi eta ukaezinen» arabera igo behar dela dio. CGT sindikatuarentzat, aurtengo igoera «hutsala» da, azkenaldian goratu diren «funtsezko karguen eta prekarietatearen» aurrean. «Mende laurden batez, lehen aldia da langileen soldata prezioak baino emekiago igotzen dena».
SMICen kontrako kritikak
SMIC ez da inflazioaren heinaren arabera bakarrik goratzen. Langileen oinarrizko soldatan erosahalmenaren igoera ere kontuan hartzen da. Hots, oinarrizko soldata duen langile baten erosahalmena %1ez igo baldin bada, SMIC duenarentzat igoera horren erdiaren araberako igoera bat izaten da. Aurten, ordea, inflazioa hain handia izan da, non oinarrizko soldata dutenen erosahalmena ez dela hazi, baizik eta apaldu. Beraz, horren araberako igoerarik ez dute ukanen SMICen truke lan egiten dutenek. Horrelakorik ez zen gertatu 1985etik hona.
Frantziako Ekonomia Azterketa Kontseiluko (CAE) ekonomia adituek erosahalmenaren igoera hori kendu nahi dute SMICen berraztertzeko parametroetatik. Frantziako Gobernuak txosten bat egiteko eskatu zion kontseilu horri, SMIC kalkulatzeko erreforma prestatzeko. SMICen heina goregi dela kritikatu zuen kontseilu horrek apirilean.
Oinarrizko soldata dutenenerosahalmenaren parametroa kenduko balitz, SMICen 2007koigoera %1,2koa izanen zen, %2,1ekoa izateko ordez. Neurri horren bidez, soldaten hierarkia murrizten dela kritikatu zuen kontseilu horrek. Beren ikerlanaren arabera, gutxieneko soldata «uniforme eta altuak» soldaten arteko oreka eragiten du. SMICen diren langileak hartzeagatik, kargu sozialak kentzen dizkiete enpresaburuei. Hori kritikatu du ekonomia adituen taldeak. Jendea gutxieneko soldata «altuetan» hartzera bultzatzeko asmoz murriztutako kargu sozial horiek Frantziako finantzentzat garesti direla diote. Gutxieneko soldatak apalagoak balira, kargu sozialen murrizterik gabe ere langileak hartuko lituzkeela uste dute aditu horiek.
Gazteentzako SMICik ez
Gazteentzako SMIC berezi bat sortzea proposatu du CAEk. SMIC «altuegi» izateak gazteei lan bat aurkitzeko zailtasunak ematen dizkiela diote. Aldiz, 25 urtez beherakoei soldata apaleko lan bat eskainiz, lan merkatuan sartzeko aukera errazago emanen litzaiekeela gehitu dute. Maiz izan dira antzeko proposamen eta lege proiektuak. Azkena CPE edo Lehen Lan Kontratua zen, 2005ean. Manifestazio eta protesta handiak eragin zituen proiektu hark. Dominique De Villepin Frantziako orduko lehen ministroak CPE erretiratu zuen.
Oraingoz, Frantziako Gobernuak gazteentzako SMICen ideia baztertu du. Xavier Bertrand Lan ministroak SMIC kalkulatzeko erreforma proiektu bat aurkeztuko du gaur. Hain segur, aldaketa nagusia, SMICen igoera data izanen da. Uztailaren 1ean igotzeko ordez, urtarrilaren 1ean igoko dute, 2010etik goiti. Soldata igoera gehienak urte hastapenean negoziatzen direlako egin nahi du aldaketa hori, igoera guztiak une berean egin daitezen.
Horrez gain, SMICen igoera batzorde independiente batek proposatuko luke publikoki, koiuntura ekonomikoaren arabera justifikatuz. Frantziako Gobernuak batzorde horren iritziaren arabera erabakiko luke SMIC nola igo, erabaki horri «kutsu politikoa» kentzeko.
Zer da SMIC?
Lanbide arteko hazkunde soldata apalena da Smic soldata, hots, Frantziako legeak finkatu duen soldata apalena. Ipar Euskal Herrirako ere balio du arau horrek. Urtero, uztailaren 1ean hazten da, inflazioaren eta erosahalmenaren igoeraren arabera. Frantziako Gobernuak erabaki dezake pixka bat gehiago igotzea, baina azken urteetan ez du egin.1.037,53
SMIC gaurtik aitzina. SMIC edo soldata apalena %0,9z igoko dute gaur. Horrekin, 35 oreneko lan astearentzat, soldata garbia 1.037,53 eurokoa izanen da, maiatzean eta ekainean baino ia hamar euro gehiago. Soldata gordina 1.321,67 eurokoa izanen da.Langabezia alokairuak inflazioaren heina baino gutxiago igoko dituzte
Langabezia alokairuak ere uztailaren 1ean igotzen dituzte. Igoera hori %2,5ekoa izanen da, ordea. Inflazioa %3,2koa baldin bada, langabezian direnen erosahalmena dexente apalduko dela salatu dute sindikatuek. Unedic-ek kudeatzen du langabezia alokairua. Sindikatuek eta patronalak parte hartzen dute bertan. Ez dira ados jarri, ordea. %1,9ko igoera proposatzen zuen patronalak, hasieran, %2,5ekoa gero. CGT eta CFDT sindikatuek %6ko igoera nahi zuten.Lanik gabe gelditu direnen bataz besteko alokairua 1.000 eurokoa izanen da. Hirutik batek 823 euro baino gutxiago eskuratzen dituela salatu du CGT sindikatuak.