Frantziako presidente Emmanuel Macronek bultztautako lan erreformaren aurkako lehen protesta egina dute gaurkoa trenetako langileek. Iturri ofizialek zehaztu dutenez, abiadura handiko trenen kasuan, ohikoak diren zortzietatik bakarra irtengo da. Eta berdin gertatuko da distantzia luzekoekin ere.
Eskualdeen arteko tren zerbitzuei dagokienez, bostetik bakarra aterako da eta nazioarteko zerbitzuetan lautik bakarra irtengo da.
SNCF tren konpainiako sindikatuek deitu dituzten protestekin bat egin dute langileen %48k. Tren gidarien artean, handiagoa da parte hartzea, %77koa. Gaurkoa dena den, lehen protesta jardunaldia da, beste 35 dituzte aurretik.
Europako Batasunaren eskakizunei jarraikiz, bidaiarien tren garraioa konkurrentziari ireki behar dio Frantziak 2021erako. Gobernuak iragarri du ordenantza bidez aldatuko dituela langileen estatusa eta SNCF enpresa publikoarena. Eta hortik sindikatuek deituriko protestak.
Horretaz gain, Air France hegazkin konpainian ere laugarren protesta eguna dute gaurkoa. Ondorioz, bertan behera geratu dira hegaldien %25 inguru.