Atzo arratsaldean Espainiako Kongresuan izandako eztabaida batean Jesus Fernandez PSOEko diputatu nafarrak azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak "ahal duen guztia" egingo du Nafarroak 113 milioi euroko inbertsio publikoa izan dezan. Fernandezek eskatu zuen bi gobernuen artean elkarrizketa "leiala, irekia eta iraunkorra" sortzeko, eta 113 milioien auziari "konponbide bideragarria emateko".
Hitz horiei ongietorria egin die Maria Solana Nafarroako Gobernuko eledunak gaur, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Solanak azaldu duenez, gobernuak "modu positiboan" hartu du Fernandezen adierazpena. Eta berretsi du hiruzpalau hilabete iragan direla Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari inbertsio hori ahalbidetzeko eskatu ziola. "Orain duela hiru hilabete baino hobeto gaude", nabarmendu du.
Baimenaren zergatia
Formalki, Espainiako Ogasun Ministerioak jaso du inbertsio guztien nondik norakoa. Solanak zehaztu duenez ezinbesteko dute ministerioaren onespena, iaz atal batean ez zelako bete gastu araua bete —ez du zehaztu zein—. 113 milioi euroko inbertsioa iazko 215 milioi euroko superabitetik dator.
Aurreko astean, inbertsio horiei buruzko lege proposamenean, laukoak zera argudiatu zuen: Espainiako Gobernuak betetzen dituela inbertsio iraunkorrak egiteko baldintzak —baldintza horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan zehaztu zituen, 116. xedapen gehigarriaren bidez—.
Solanak gaur zehaztu egin du zertan datzan auzi hori. Batetik, xedapen horren arabera, superabitaren zati bat zorraren amortizaziora bideratu behar da; hau da, gobernuak amortizatu egin beharko luke defizitean ez erortzea eragotziko duen kopurua gutxienez. Hala, iaz zor publiko bldez finantzatzeko 232 milioi euroko ahalmena bazuen, gutxienez 118,9 milioi amortizatu behar zituen. Martxoko datuen arabera, 128 milioi amortizatu zituen. "Beraz, Gobernuak ulertzen du baldintza hori betetzen duela", azaldu du. Hala, iazko superabitetik 113 milioi inbertsiorako erabiltzeko aukera luke, Nafarroako Gobernuak ondorioztatzen duenez.
Alta, Ministerioak oraindik ez du ezer esan. Laukoak Parlamentuak aurkeztutako lege proposamena urriaren 4ko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Solanak ez du argitu beharrezkoa ote den ordurako baimen hori izatea, baina azpimarratu du "ahalik eta azkarrena" lortzea nahi dutela. Eta berretsi du egoeraren berri emana dietela Espainiako Gobernuko zein PSOEko ordezkariei .