Euskal Herriko beste konpainia bat atzerriko kapitalaren menpe geratzekotan da. Suediako inbertsio funts batek, EQT Infraestructuresek, Solarpacken %100az jabetzeko Erosketa Eskaintza Publiko bat egin du.
Solarpackek Algortan du egoitza (Getxo, Bizkaia), eta parke fotovoltaikoak instalatzen eta kudeatzen ditu Espainian, Indian, Uruguain, Txilen eta Perun.
2007an sortu zuten enpresa Galindez eta Ibarra Kareaga familiek. Gaur egun, akzioen erdia baino gehiago dituzte Galindeztarren hiru funtsek (Beraunberri, Landa eta Burgess 2007), eta beren zatia EQTri saltzea adostu dute. Trukean, hiru funtsek dirua jarriko dute EQTk operaziorako baliatuko duen adarrean, Veleta VidCon.
EQTk 26,5 euro eskaini ditu Solarpacken akzioen truke, asteartean enpresaren akzioak burtsan balio zuena baino %45 gehiago (18,28). Berehala, Solarpacken tituluek maila horretara egin dute salto burtsan.
Operazioak aurrera egiteko, gutxienez akzioen %75 kontrolatu beharko ditu EQTk.
EQt 1994an sortu zuten Wallenberg familiak eta AEBetako funts batzuek. Lehenik Eskandinavian hedatu ziren, baina gaur egun inbertsioak ditu Europako beste herrialde askotan, Asian eta AEBetan ere. Bere enpresek 29.000 milioi euroren salmentak egin zituzten iaz, eta 175.000 langile dituzte. Horien artean daude Idealista etxebizitzak erosteko eta alokatze bilatzailea, Parques Reunidos eta Nest etxebizitzen sustatzaile frantziarra.