Martxoaren 8ari begira. Soldata arrakala

Soldata arrakala txikitzeko irizpideek %5 balioko dute Jaurlaritzaren lehiaketetan

Kontratua nahi duten enpresek erakutsi beharko dute ordainketetan ez dutela diskriminatzen sexuen arabera. Berdintasun politikak garatzea sustatuko dute

Emakumeak lanean software enpresa batean, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Gasteiz
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

Emakumeek gizonezkoek baino soldata txikiagoak jasotzea begiz joa du Eusko Jaurlaritzak. Horrela jaio da kontratazio publikoa moldatuko duen instrukzioa. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako irizpideak sartuko dituzte kontratazio baldintzetan. Pauso oso garrantzitsutzat jo du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak, eta helburu handinahi baten barruan jarri du: «2030erako soldata arrakala txikiena duen Europako bost herrialdeen artean jarri nahi dugu Euskadi».

Aurrerantzean kontratazio pleguetan soldata arrakala murrizteko sar daitezkeen irizpideak finkatu dituzte. Beste hainbat puntu baloratuko dituzte kontratua emateko, baina instrukzioan batutako irizpideek gutxienez %5 balioko dute. «Helburu dugu horrelako klausulak kontratuetan sartzen hasteko, eta poliki-poliki pisua irabaziz joateko», argitu du Azpiazuk.

Kontratazioaren alor guztietan eta kontratazio organoetan lan egiten dutenentzat da instrukzioa. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sektore publiko osoari eragingo dio, eta kontratu guztiei, hasi horniduretatik eta obretaraino.

Irizpideen artean daude, esaterako, erantzukizuneko, kudeaketako eta kualifikazio handiko postuetako kideen %50 emakumeak direla bermatzea, eta enpresak adjudikazioa betetzeko egiten dituen kontratazio berrietan emakumeak kontratatzea.

Berdintasun politikak aurrera eramateak bere balioa izango du. Hainbat azpipuntu sartu dituzte irizpide horretan; haien artean, desabantaila egoeran dauden emakumeak kontratatzea. Horrez gain, formakuntzari garrantzia eman diote: baloratu egingo dute kontratua egiten duen enpresak bere langileei berdintasunari buruzko formakuntza ematea, eta berdintasun alorrean 150 orduko prestakuntza duen pertsona kopuru jakin bat izatea.

Irizpideaz gaindiko neurriak

Irizpideak ez dira, ordea, neurri bakarra izango. Kontratu pleguetan ezinbestean ezarri beharko da enpresak ez daukala soldata ezberdinik sexuaren arabera, hau da, adjudikazioa jaso duen enpresetan emakumeen eta gizonen arteko ordainketetan diskriminaziorik ez dagoela.

120.000 eurotik gorako kontratuak lortu dituztenek, berriz, urtero bidali beharko dute kontratatutako pertsonen zerrenda, sexuaren arabera bereizita, pertsona bakoitzaren kategoria profesionala, eta oinarrizko soldata zein gehigarriak. Horrez gain, Gizarte Segurantzan izena emanda dauden langileen txostena eta kotizazio datuena helarazi beharko dizkio enpresak Jaurlaritzari.

Orain artean, kontratazio organo bakoitzak erabakitzen zuen zer irizpide aukeratu, inolako batasunik gabe. Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak argitu du oinarri komun bat ezarri dutela. «Legeak muga asko jarrita dauzka, eta Lan Ikuskaritzak ikertzen eta zigortzen ditu».

«Lan banaketa sexuala indarrean dago, etxean eta merkatuan»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.