Soldatak igotzeko eskaria kalean

«Elkartasun gutxi» izatea egotzi diete CCOOk eta UGTk enpresaburuei, eta elkarrizketa soziala goraipatu. Ezkerreko alderdien alde bozkatzera deitu dute

CCOO eta UGT sindikatuetako kideak, atzo, Iruñean egindako manifestazioan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Premiazkoa da soldatak igotzea eta prezioak jaistea». Argi mintzatu zen Jesus Santos Nafarroako UGTko idazkari nagusia. Atzo goizean, CCOO eta UGT sindikatuek Maiatzaren Leheneko manifestazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Iruñean dozenaka lagun atera ziren karrikara Soldatak igo, prezioak jaitsi eta irabaziak banatu mezuarekin. CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen aurrean egin zuten hitzaldia, eta «elkartasun falta» leporatu zieten: «Haien irabaziak neurririk gabe handitzen badira ere, soldatak inflazioaren neurrian igotzea ukatzen diote langile klaseari», esan zuen Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak. «Haiek dira jasaten ari garen inflazio handiaren erantzuleak».

Egoera horretan, elkarrizketa sozialaren alde mintzatu ziren CCOO eta UGT. «Balioa eman nahi diegu elkarrizketa sozialari esker azkenaldian eskubideen esparruan emandako aurrerapausoei», esan zuen Santosek. Bide horretan «oztopoak» egon direla salatu zuen, patronalak akordio horietan «bere burua baztertu» baitu «arduragabekeria osoz».

Lan erreforma, gutxieneko soldataren igoera eta pentsioen erreforma goratu zituzten bi sindikatuek. Manifestazioan PCE, Ezker Batua eta PSN alderdietako kideek parte hartu zuten, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta zenbait kontseilari sozialista tartean. Rodriguezen arabera «ezkutu soziala ixteko» lana egin dute alderdi horiekin.

Bi sindikatuak CENi mintzatu zitzaizkion. UGTko idazkari nagusiak jarrera aldatzeko eskatu zion patronalari: «Ez badute asmorik hitzarmenak berritzeko eta langileen soldatak eta bizi kalitatea hobetzen dituzten akordioak egiteko, parez pare izanen gaituzte, karriketan mobilizatzen». Lan gatazkak areagotuko direla ohartarazi zuen. Rodriguezek patronalaren jarrera salatu zuen: «Aurrekontuetan banatzeko dirua dagoenean, lehenbizikoak dira lerroan; baina lagundu behar denean, desagertu egiten dira, eta eskuinarekin lerratzen dira langileei bizkarra emanda».

Botoak eskatzen

Maiatzaren 28ko hauteskundeak ere hizpide izan zituzten bi sindikatuek. «Jokoan dago eskubideen alorrean aurrera egiten jarraitzea edo lortutako guztia arriskuan jartzea», esan zuen UGTko idazkari nagusiak. Horregatik, eskatu zuen ez emateko botorik «elkarrizketa sozialean eta klase sindikatuetan sinesten ez duten alderdiei». Rodriguezen ustez, «urte erabakigarria» da langile klasearen interesak defendatzeko, eta «ezkerreko pertsona guziak» boto «aurrerakoia» ematera deitu zituen: «Ezkerreko gobernuak behar ditugu eskubideetan aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.