Argindarra

Soriaren itzal luze eta estua

Espainiako Gobernuak urtero 1.700 milioi euro murriztu nahi ditu erregimen bereziko ekoizleei argindarra sortzeagatik emandako ordainsariak. Kalte ekonomiko handia eragingo duela ohartarazi du industriak. 

Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa Madrilen, 2012an. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
joxerra senar
2014ko apirilaren 13a
11:50
Entzun

Jose Manuel Soria bere bakardadean. Etxeko lanak  pilatzen ari zaizkio Espainiako Industria ministroari. Apirilaren 1az geroztik unean uneko kontsumoaren araberako tarifa sistema aldatu du, eta zalaparta handia eragin. Argindar sistemaren beste aldean, eskaintzarenean, ordea, kaosa ez da txikiagoa. Gobernuaren asmoek egonezina eta haserrea piztu dute erregimen bereziko argindar ekoizleen artean.

Egungo sistema osotasunean hartuta, bi erregimenetan bereizten dira ekoizleak: argindar talde handien azpiegitura nagusiak (nuklearrak, termikoak, hidroelektrikoak...) erregimen arruntean daude; berriztagarriak edo kogenerazioa erabiltzen duten industriak, erregimen berezian. 

Erregimen bereziko ekoizleek ordainsariak jaso dituzte argindarra ekoizteagatik, baina gobernuak kalkulatzen du sariok gainkostua eragin diotela argindar sistemari. Talde handien tesiak bere egin ditu PPren gobernuak. Ikuspuntu horren arabera, argindarraren ekoizpen gastuak diru sarrerak baino handiagoak dira, eta urtez urteko tarifaren defizit horrek 30.000 milioi euroko zorra pilatu du 2002tik hona. Hartara, gobernuaren arabera, defizitaren errudun nagusiak erregimen bereziko ekoizleak dira. Abendu amaieran Kongresuan PPk onartutako erreforma energetikoak hatzarekin seinalatu zituen.

Legea garatzea falta zen, ordea. Otsailaren 4an Espainiako Gobernuak bere zifrak jarri zituen mahai gainean. Sektore bakoitzeko instalazioak azpitaldetan sailkatu eta 1.300 irizpide proposatu ditu teknologiaren, inbertsioaren eta funtzionamendu urteen arabera. Ondorioa sinpleagoa da. Erregimen berezian ia ekoizle denei murrizketa handiak ezarri nahi dizkie: urtean 1.700 milioi eurokoa.

Oraingoz proposamena baino ez da, baina atzetik CNMC Espainiako Merkatu eta Lehiarako Batzordea dator. Urtarrilean jaso beharreko ordainsariaren %25 baino ez dute jasoko: gainerakoa ordainduko da, baina bost urteren buruan gehienez. Halaxe joango dira hilez hil jaso beharreko dirua zehazten.

Ziurgabetasuna erabatekoa da. Eusko Jaurlaritzak Berriari baieztatu dionez, urtarrilean eta otsailean, kogenerazioa darabilten enpresek, kasurako, ordainsarien %45 jaso dute, eta gainerakoa noizko jasoko duten ez dakite. "Ordainketen atzerapen horrek ez die uzten enpresei hornitzaileei ordaintzen, eta, finantza aldetik, sektorea oso egoera zailean utzi du", adierazi du Javier Zarraonaindia Jaurlaritzako energia zuzendariak.

Asaldura erabatekoa da erregimen berezian. Ez dakite zer irizpidetan oinarritu den gobernua instalazioen inbertsioa, kostuak eta tarifak kalkulatzeko. Bi hilabetetan Industria Ministerioak 619 alegazio jaso ditu. Tartean daude Nafarroako Gobernua eta Jaurlaritza, baita industriako euskal enpresa ugari ere.

1. Kogenerazioa

Asko erabiltzen da industrian, batez ere papergintzan, elikadura industrian, zeramikagintzan, kimikan... Kogenerazio instalazioak energia eraginkortasuna lortzeko modu bat dira. Fabrikek ekoizpen prozesurako behar duten energia termikoa eta elektrikoa sortzen du kogenerazioak, eta argindar soberakina sarean isur daiteke.  Iñaki Ugarte Paperaren Klusterreko kudeatzailearen arabera, paper fabriken kasuan kostu energetikoa enpresen kostu osoaren %10 eta %20 artekoa da, eta, ondorioz, lehiarako faktore garrantzitsua. Argindarraren prezio garestiak lehia desabantaila eragiten die euskal enpresei, Europakoen aldean. Kogenerazioak desabantaila orekatzeko balio die, ez soilik energia aurrezten dutelako, baizik eta ordainsariek konpentsatzen lagundu dutelako: "Ez da lehiakorra, baina gutxienez ez da kaltegarria".

Orain, ordea, Espainiako Gobernuak balantza berriro desorekatzen ari dela salatu du Ugartek. «Faktura arintzeko balio ziguten mekanismo guztiak kentzen ari dira; argindarraren ekoizpenerako zerga berria ezarri dute, eta gasari [kogenerazioaren lehengaia] zentimo berdea». Iaz ezarritako neurrioi orain ordainsariak murrizteko asmoa gaineratu zaie.

CNMCk azterketa ekonomikoa kaleratu du asteon. Horren arabera, kogenerazioko sarien murrizketa %4 eta %20 artekoa izango da. Ugarte ez dator bat: "Gobernuaren proposamena iluna da. Memoria ekonomiko bat du, eta aipatzen diren datuen gain ezarri dira ordainsarien irizpideak. Baina nola lortu dituzte inbertsioen, ekipamenduen iraupenaren edo lehengaien kostuei buruzko datuak? Ez dakigu".

Ugarteren arabera, ondorioak larriak izango dira: "Sektorea ekonomikoki bideragarria izateari utzi eta enpresen iraunkortasuna zalantzan jar daiteke". Zifrak ere eman ditu. Haren esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bederatzi paper fabriken kasuan urtean 17 milioi eurokoa izango litzateke kaltea, eta, iazko murrizketak gaineratuta, faktura osoa 42 milioi eurokoa da.

Jaurlaritzaren arabera, ordainsarien murrizketek 40,6 milioi euroko faktura eragingo diote kogenerazioari. Kaltea ez da hor amaitzen. Iberpapelek eta Smurfit Kappak iragarri dute Hernaniko eta Iurretako fabriketarako aurreikusitako inbertsioak gerarazi dituztela. Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Energia zuzendariaren hitzetan, sektorea ez da alarmismoz jokatzen ari, "pisuzko arrazoiz" baizik. "Enpresa horiek inbertsio handiak geldituko dituztela iragartzeak ekarriko du gure industria ez izatea energia teknologia modernoagoen jabe, eta, ondorioz, epe luzean galera industrialak gerta daitezke".

Jaurlaritzak erreformari alegazioak aurkeztu dizkio: besteak beste, proposatu du sariak berrikustea, industriako instalazioen errentagarritasuna bermatzea eta papergintzan erabili ohi den likor beltza biomasa gisa hartzea,  haren araberako saria jasotzeko. PPren gobernuak esan die gogoan hartuko duela. Zarranaindiak dio «bitarteko guztiak» erabiliko dituztela kogenerazioa babesteko.

2. Berriztagarriak

Aizkorakada handiena energia berriztagarrietako ekoizleek jasoko dute. CNMCren lehen kalkuluen arabera, sektore eolikoak 600 milioi euroko murrizketa jasango du eta eguzki plakek 400 milioi eurokoa. Batak zein besteak pisu handia dute Hego Euskal Herrian, batik bat Nafarroan.

Parke eolikoen kasuan, gobernuaren asmoa da 2004 baino lehen ezarritako parke eolikoek ez dutela ordainsari berezirik jasoko eta, hartara, neurri horrek Hegoaldean diren 46 parkeetatik 35i eragingo die. Bestetik, 2005 eta 2006an ezarritako parke eolikoei ordainsaria %81 eta %50 murriztuko zaie. Sektorearen arabera, askoz handiagoa da haize bidezko energiak argindarraren kostuan eragiten duen aurrezpena. "Iaz, 4.000 milioi euro aurreztu ziren, sektoreak jasotako sarien bikoitza, eta, aurten, teknologia horri esker, argindarraren merkatuko prezioa nabarmen jaitsi da", zioen duela gutxi Jose Miguel Villarig Energia Berriztagarrien Ekoizleen Elkarteko buruak.

Eguzki plaken kasuan, sumina handia da. Kasu berezia da, gainera. Hego Euskal Herrian 10.600 plaka inguru daude ezarrita, eta 6.000 inguru inbertitzaile txikiek jarri dituzte. Zenbaitek kreditu bidez finantzatu dute plakaren instalazioa, ordainsaria ezarri zeneko garaian berez amortizatzen zelako inbertsioa. Orain, gobernuaren asmoek ezinegon handia eragin diote familia askori. Finantza erakundeekin pilatutako zorra 20.000 milioi eurokoa da, eta ordainsarien murrizketek bideraezin bihur dezakete zorra itzultzea.

Ekoizle txikiok biltzen dituen Anpier elkartea Tafallan bildu zen martxoaren 26an. Ekainaren 21erako manifestaziora deitua dute Madrilen. CNMCren arabera, murrizketak %12 eta %26 artekoak dira, baina, Cabreroren esanetan, baratze barruetan dauden plakei gehiago eragingo die, eta murrizketa "%50etik gorakoa" izan daiteke. Urtarrilean sariaren laurdena baino ez dute jaso: "Gainerakoa bost urteren buruan kobratuko dugula diote, eta horren ziurtagiri bat banatuko digute. Bankuak dena jaso nahi du, eta ez du ulertzen hori". Bankuekin orain hasi dira hitz egiten, baina askoren itolarria handia da. "Babesik gabe gaude".

3. Gainerakoak

Erregimen bereziko gainerako ekoizleei ere nabarmen eragin diezaiekete Soriaren asmoek, baina ekoizle gutxi daude Euskal Herrian. Abereen pixorren tratamendurako planten kasuan, oro har, %53koa izango da murrizketa, CNMCren arabera. Neoelectraren Artaxoako lantokia itxita dago horregatik —ikus alboko elkarrizketa—. Bioenergia Ultzama bailarako abeltzainen pixorrak tratatzen dituzte biogasa lortzeko. Han jakinarazi dute "kalte handia" eragingo dietela. Zangozan, 2002tik Acciona Energiak 25 MWeko potentziako planta du. Urtero, 160.000 tona lasto erreta orduko 200 GWeko argindar ekoizpena lortzen du. Ez dago argi nola eragingo ote dion erreformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.