Krisiaren testuinguruan, finantza publikoen iraunkortasunerako, 2010ean eta 2012an bi agindu ezarri zitzaizkien autonomia erkidegoei sektore publikoko enpresak moldatzeko. Nafarroaren kasuan, 39 enpresa publikoak hamazazpira murriztu ziren, eta gehienak CPEN Nafarroako Korporazio Publikoan bildu. Fundazioak, berriz, zazpitik laura gutxitu ziren.
Prozesu horri erreparatu dio Kontuen Ganberak, eta CPENek berak moldaketa horri buruz egindako kalkuluak aztertu ditu. Moldaketa horretan, 32,5 milioi aurreztu ditu Nafarroak 2010etik 2016ra bitartean. Bederatzi milioi euro langileen gastuetan izan zen, 224 lanpostu galdu baitziren. Agerraldian, Ezkerrako Jose Miguel Nuinek gogora ekarri ditu Ganasa eta Cein enpresetan aurkeztutako erregulazioko espedienteak, eta 2013ko abuztutik parlamentuak, orduko oposizioaren ekimenez, espedienteak aurkeztea eragotzi zion UPNren gobernuari. Hala, 2014tik aurrera ez zen espediente gehiagorik aurkeztu.
Moldaketaren ondorioz, gerente kopurua 30etik 10era murriztu zen, eta administrazio kontseiluetako kideak 334tik 97ra; langileak, berriz, 1.283tik 1.059ra. Gainerakoan, 20,4 milioi euro gastu operatiboen aurrezte bidez etorri da, eta, batik bat, enpresa publikoek salerosketen prozedura zentralizatu izanak eragin du (17 milioi inguru). Azkenik, bestelako gastuetan 5,2 milioi euro aurreztu dira.
Olaetxeak aipatu duenez, epe horretan sozietate publikoen zorra 330 milioitik 56 milioira jaitsi zen. 2014an, Iberdrolaren akzioak saldu zituen Sodenak, eta, operazio horren ondorioz, Sodenak bere zorrak kitatu zituen.