Sozietate zerga aldatzeko lehen urratsa egin dute Gipuzkoan

Erreformaren oinarriak jasotzen dituen ondorioen txostena onartu dute Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek Gipuzkoan sozietateen gaineko zerga aldatzeko oinarriak adostu dituzte, zerga sinplifikatzeko eta kenkarietako gehienak kentzeko helburuarekin. Hiru alderdiak pozik agertu dira lortutakoarekin, eta, batez ere, Helena Franco Ogasun diputatua, berak gidatzen duen departamentuak egindako proposamena ia zegoen bezala onartu dutelako beste bi alderdiek. Zehaztu du hasierako testua harmonizazioaren eta iruzurraren inguruko aipamen batzuekin hobetu dutela.

Proposamena aztertzeko bildu direnetan, alderdien artean izan duten sintonia ona nabarmendu du Francok. «Proposamenaren nukleoa diren ataletan, egungo egoeraren ezaugarrien analisian eta zergaren erreformako ildo nagusietan adostasuna ia erabatekoa da». Horregatik, oso modu baikorrean balioetsi du alderdiek egindako lana eta ahalegina, «adostasun honek abiapuntu egokia finkatzen baitu hemendik aurrera sozietate zergaren erreformak eskatuko duen lanketarako».

PSE-EE ere pozik lortutakoarekin. Nabarmendu du, berak nahi bezala, atzo Batzar Nagusietan onartutako ondorioen txostena Zergak Koordinatzeko Organora igorriko dutela datozen egunetan, han, negoziazioaren eta adostasunaren bidetik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako sozietate zerga bakar bat sor dezaten. PSE-EErentzat, ez da onargarria hiru herrialde horietan hiru tasa desberdina indarrean egotea, «harmonizaziorik ezak ondorio ezkorrak izan ditzakeelako gure ekonomian».

Hala ere, PSE-EEren eskaria ez da ezinbesteko baldintza Gipuzkoan sozietate zergaren gaineko erreforma egiteko. Atzo onartu zuten txostenak dionez behintzat, «harmonizatzeko ahaleginak ezin dira izan sozietateen irabazien gaineko ezarpen bidezko eta ekitatezkoago baterantz aurrera egiteko oztopo».

Rebeka Ubera Aralarko batzarkideak ere balioespen baikorra egin zuen lortutako akordioaren inguruan: «Aurrerapauso garrantzitsua da Gipuzkoan sozietate zerga baliozko eta efizientea izan dezagun». Uberaren ustetan, sozietate zerga oso bitarteko baliagarria izan baitaiteke Gipuzkoako ekonomia produktiboak bultzatzeko.

Sozietate zergaren erreformaren ildoetako batzuk ondokoak izango dira: kenkariak ezabatzea, I+Grena salbu; enpresetan irabazien zati bat gordetzeko inbertsio funts bat sortzea; enpresen gehiegizko zorpetzea saihesteko, finantza gastuen kengarritasuna gutxitzea; enpresak sustatzeko sozietateak kentzea; eta hainbat gasturen kengarritasuna mugatzea, zergari izkin egiteko bidea direlako.

Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak ostiraleko bileran aztertuko du atzo onartu zuten ondorioen txostena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.