Sozietate zergako kenkari guztiak ezabatu nahi ditu Gipuzkoak, I+Grena izan ezik

Enpresek beren irabazien zati bat inbertsiorako funts batean sartzeko aukera proposatu du Gipuzkoako AldundiakZergaren tasa nominala ukitu gabe, haren bidez bildutakoa handitzeko helburua dute

Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun zuzendaria eta Helena Franco Ogasun diputatua, maiatzeko agerraldi batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Otsailaz geroztik sozietate zergaren tripei begiratua eman ondoren, ondorioa garbi dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak: zergari egiten zaizkion kenkari guztiak ezabatu egin behar dira, ikerketa eta garapena (I+G) sustatzekoa izan ezik. Enpresek beren funts propioak handitzeko bitartekoak ere proposatu ditu. Zergaren tasa nominalak, ordea, bere horretan utziko ditu, kenkariak mugatuzgero diru gehiago biltzea lortuko duelakoan. Aldundiak datorren astean igorriko dizkie erreformaren oinarriak talde txostengileari, han alderdiek beren ekarpenak egin ditzaten. Gaia Batzar Nagusietako Ogasun Batzordera bidaliko dute gero, eta han negoziatuko dituzte xehetasunak. PSEk eta Aralarrek azaldu dute zerga erreformatzeko borondate handiena.

BERRIAk jakin duenez, Bilduren gobernuak zergaren erreforma sakona proposatuko die beste alderdiei. Erreformaren helburu nagusia da sozietate zergaren bidezko bilketak izan duen jaitsiera handiari buelta ematea, azken urteotan 1999an adina bildu delako. Jaitsieraren zati bat krisiarengatik dela onartuta ere, aldundiak gogorarazi du 2007ko azken erreformarekin %25,6 jaitsi zela zerga horren bilketa potentziala. Ondorioa da zerga bilketaren %11-12 izatetik %6,7 izatera pasa zela iaz. Zerga hori BPGaren %1,1 da Gipuzkoan eta batez beste %2,7 Europan. Epe erdira, Europa iparreko herrialdeen antzera, zerga BPGren %3 izatera iritsi nahi duela adierazi du aldundiak. Zertarako? «Zerbitzu publikoak sendotzeko, oinarria izan daitezen pertsonei arreta hobea eskaintzeko, aberastasuna birbanatzeko, enplegua sortzeko eta ongizarte estandar duinak lortzeko Euskal Herriko ahalik eta biztanle gehienentzat».

Aldundiaren txostenak erantzun egiten dio Adegik Batzar Nagusietan azaldu zuen tesi nagusiari, hots, zerga sistemak enpresei lagundu behar diela haiek enplegua eta aberastasuna sortzen dituztelako. «Enpresaren eginkizuna azpimarratzen da, baina alde batean lagatzen da hori posible izateko administrazioak bere gain hartzen dituela gizartearen funtzionamendu gastu orokorrak: irakaskuntzakoak, osasunekoak, garraio publikokoak, adineko pertsonak eta haurrak zaintzeko zerbitzuenak […]. Gastu horiek ahalbidetzen dute gure gizartearen funtzionamendu orokorra, eta enpresena bereziki, hauei enplegua eta aberastasuna sortzeko ingurunea eskaintzen baitie, gastu orokor horiek ordaintzetik libre uzten dituelarik». Horiei, jarduera ekono- mikoa sustatzera eta enpresak zuzenean laguntzera bideratutako gastuak batzen zaizkiela gogorarazi du Aldundiak.

Beste ohar bat Adegiri

Txostenak badu beste ziztada bat enpresaburuen elkarteentzat. Sozietate zergak lehiakortasunari lagundu behar diola dioen argudioaren aurrean, Gipuzkoako Aldundiak dio lehiakortasuna berez barne zein kanpo merkatuetan saltzeko gaitasuna dela eta hori «inbertsioen eraginkortasun baten ondorio izango da halabeharrez». Hortaz, uste du produktibitateak izan beharko lukeela inbertsioak gidatzeko irizpidea, «inolaz ere fiskalitateak». Gaur egun, baina, «inbertsioa gidatzen duen irizpidea ez da produktibitatea izaten, eskura daitezkeen zerga onurak baizik». Aldundiak uste du inbertsioa sustatzeko zerga pizgarriak «oso funtzionaltasun txikikoak» direla produktibitatea hobetzeko, eta kostu handia dutela gizartearentzat. Horregatik kendu nahi ditu, eta I+Gren arlokoak soilik utzi.

Aldundiak dio zerga sistemak bi inbertsio mota bultzatu behar dituela:produkzio ehun osoari eragiten diotenak, eta neurri txikiko enpresenak. Horregatik, enpresen funts propioak sendotzen laguntzeko prest azaldu da, kooperatibek egiten duten moduan. Irabazien zati bat inbertsio funts batean sartzeko gaitasuna eman nahi die, inbertsioak beren diruz —eta ez maileguen bidez— egin ditzaten. Herritarren aurrezkia proiektu berrien sustapenean inbertitzea ere sustatu nahi du.

«Merkantzia mugimendu etengabeak» inguruneari egiten dion kaltea ikusita, Aldundiak uste du eredu ekonomiko lokalizatuago bat bilatu behar dela, eta prest azaldu da «kontzeptu berritzaileak» indarrean jartzeko, hala nola, ekologistek 100 miliako muga zerga araudiari txertatzea. Euskal Herrian sei zerga sistema izanik, Aldundiak begi onez ikusten du nolabait harmonizatzea. Hori bai, «sozietateen irabazien gaineko ezarpen bidezkoago bat» oztopatzen ez duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.