Uztaila ez da hilabete erraza izan Eibarko Alfa Microfusion (APC) enpresarentzat. Batetik, hamahiru langile kaleratu egin ditu zuzendaritzak. Bestetik, kaleratze horien prozesua bete-betean zegoenean, sute handi bat piztu zen argizaria birziklatzeko gela batean, uztailaren 10ean. Lehendik enpresa egoera zailean bazegoen, zuzendaritzaren eta langileen arteko tentsioa areagotu dutegertakari horiek. Suari su eman diote.
Alfa taldeak biltzen dituen hamabi enpresek 650 behargin inguru dituzte guztira —700 ziren urte hasieran—, eta administrazio kontseiluaren esanetan, 500 lanpostuetara jaitsi behar dira taldea «salbatzeko». Jon Kirru Iparragirre LABek Debabarrenean duen metaleko arduradunak onartzen du egoera ez dela «ona», baina nabarmendu du zuzendaritzak berak eraman duela dagoen egoerara. Hori dela eta, «lotsagarria» iruditzen zaio «pilatutako zor guztia langileei bizkarreratzea».
Alfa talde osoa hartzekodunen konkurtsoan dago iazko urritik, eta harrezkero hainbat lan erregulazio dosier aurkeztu ditu zuzendaritzak. Horrek langileen protesta ugari eragin ditu urtearen joanean. Urtarrilean, Alfa Hogar, Alfalan eta Mecanicas Mallabia lantegietatik 50 langile inguru bota zituen. Administrazio kontseiluaren arabera, ezinbestekoa da lantaldean eta soldatetan doikuntzak egitea. Prozesu horri jarraituz, uztailean Alfra Microfusionen txanda izan da.
Hamahiru langile, kalera
Eibarko lantokiak 200 langile zituen, eta zuzendaritzak 41 kaleratzeko dosierra aurkeztu zuen. Iparragirrek azaldu duenez, iaz irabaziak izan arren, bankuekin «sekulako zorrak» ditu enpresak — ehundik gora milioi—, eta lanpostuak kenduta ordaindu nahi ditu zor horiek: «Guk esan genien diru hori beste modu batean lor zitekeela», dio LABeko kideak. Zuzendaritzaren proposamena argia zen, ordea: kaleratzeen bidez aurreztuko zuten, edo soldatak %8 murriztuz. Urte hasieran Alfa taldeko langile guztiei %10 murriztu zizkieten soldatak.
Iparragirreren aburuz, «ez da bidezkoa» denen soldatatik ehuneko bera murriztea: «Ez da berdina, 22.000 euro irabazten dituenari %8 murriztea, edo 120.000 euro irabazten dituenari %8 jaistea». Hala, jaitsiera mailakatua eskatu zuen LABek, baina zuzendaritzak uko egin zion eskaerari.
Azkenean, 31 langile kaleratzeko erregulazioa aurkeztu zuen eta hemezortzik beren borondatez utzi zuten lana. Hau da, hamahiru lagun falta ziren. LABek «inondik inora» ez zituen nahi kaleratzeak. Soldatei buruz negoziatzearen aldekoa zen. Sindikatuak ez zuen nahi erabakia langile guztien esku uztea. Izan ere, batzarraren aurretik jakina zen nortzuk bota nahi zituen enpresak.
Erabakia langileen batzarrak hartzea bozkatu zuen batzordeak. LABek ditu ordezkari gehien, lau, baina ELAk eta independenteak gehiago dira, bost. Honako hau izan zen uztailaren 17an egindako bozketaren emaitza: 87 beharginek euren soldata jaistearen aurka bozkatu zuten edo hamahiru langile kaleratzearen alde; 67 izan ziren, berriz, euren soldata jaistearen aldekoak. Ondorioz, kaleratu egin dituzte hamahiru langile. Iparragirreren arabera, «batzuen eskubideak urratu dituzte, gutxi batzuen pribilegioei eusteko».
Hartzekodunen hitzarmena
Taldeak biltzen dituen hamabi enpresen artean alde handiak daude. «Batzuk hobeto doaz. Soraluzeko (Gipuzkoa) Gol, esaterako. Beste batzuek, Alfa Microfusionek bezala, irabaziak izan dituzte azken urtean, baina zorpetze maila oso handia dute». Gainera, oso produktu desberdinak egiten dituzten.
Egoera gehiago korapilatzeko, gurutzatutako mailegu «pila» dituzte, LABeko ordezkariaren esanetan: «Adibidez, Golek ipintzen du pabiloi bat, APCk mailegu bat eskatzeko aukera izan dezan». Konkurtso legeak «amaraun hori» askatu behar du, eta nahaste handia dago.
Orain, udazkenera begira daude sindikatuak. Urri ingururako hartzekodunen arteko hitzarmen bat lortzea espero da, eta enpresa bakoitzak zer ordaintzea dagokion erabakitzea. Alfa taldearen hartzekodun gehienak bankuak dira, eta langileek haien egoitzen aurrean ere egin dituzte zenbait protesta. ELAk eta LABek egotzi diete langileak kontuan hartu gabe zuzendaritzarekin negoziatzea; hartzekodun nagusiak direnez, lan baldintzak okertzearen arduradun ere badirela uste dute.
Suari su eman diote
Uda gordina izaten ari dira Alfa Microfusion enpresan: hamahiru langile kaleratu dituzte Eibarko lantegian, eta sute bat ere izan duteSindikatuen ustez, udazkena garrantzitsua izango da Alfa taldearen etorkizunarentzat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu