Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiek —ezker abertzalea, Aralar, EA eta Alternatiba—Hego Euskal Herriaren subiranotasuna defendatu dute krisitik irteteko bide gisa. «Egoera larri honi irmo erantzuteko, euskal eragile sozial, politiko eta ekonomikoek, bakoitzak bere esparruan eta ahal bada guztiek batera, aurre egin behar diete erreforma neoliberalei eta martxan den zentralizazio prozesuari», adierazi zuten Txelui Morenoketa Asun Fernandez de Garaialdek atzo, Iruñean, prentsaren aurrean egindako agerraldi batean.
Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak industria sektore lehiakor bat, prestatutako herritarrak eta sindikatuak eta enpresaburu ekintzaileak dituztela adierazi zuten. Horregatik, «erabat beharrezkotzat» jo zuten subiranotasun ekonomiko eta politikoa, «eredu berri bat jorratzen hasteko».
Lan duina defendatzeko eta ekoizpena eta enpresa txiki eta ertainak bultzatzeko politikak indarrean jartzea da Amaiurren helburua: familien beharrei erantzutea, autonomoak babestea, zerga politika aurrerakoi eta progresiboa indarrean jartzea. Hori guztia, iraunkortasunaren ikuspegitik, ez duelako uste gehiago kontsumitzeak hobeto bizitzea esan nahi duenik.
«Erantzuna gure esku» dagoelako, Amaiur koalizioko alderdikoek herritarrei dei egin zieten otsailaren 11n Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo diren manifestazioetan parte hartzera.
Subiranotasuna da krisitik irteteko bidea, Amaiurren ustetan
Erreformei aurre egiteko eskatu die euskal eragile sozial, ekonomiko eta politikoei guztiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu