Sunsundeguiren itxieraren erantzukizun politikoak argitzeko eskatu du LABek

Agintari publikoen eta Volvo multinazionalaren utzikeria salatu du sindikatuak. Ohartarazi du langileak «babesik gabe» daudela.

LABeko Sunsundeguiko ordezkariak eta sindikatuko Sakanako arduradunak, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
LABeko Sunsundeguiko ordezkariak eta sindikatuko Sakanako arduradunak, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko maiatzaren 15a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Heriotza iragarritako baten kronika. Halakoa izaten ari da Sunsundeguiren itxiera prozesua, LABen arabera. Uste du gertatzen ari denak ez duela inor ezustean harrapatu, eta salatu du urteetako kudeaketa okerraren eta interes pribatuak lehenetsi izanaren emaitza dela. Horren atzean dauden erantzukizun politiko eta ekonomikoak argitzeko «ikerketa sakon bat» eskatu du.

Apirilaren 30ean amaitu zen Altsasuko (Nafarroa) autobus ekoizlearen 342 langileen kaleratzea jasotzen duen espedientearen kontsulta aldia, eta enpresaren likidazio prozesua atzo zen hastekoa. Horrek ez du derrigorrez esan nahi enpresa behin betiko itxiko dela, likidazio prozesuan ere agertu baitaiteke inbertsiogile bat, baina horretarako aukerak gero eta urriagoak dira, eta orain arteko hautagaiek atzera egin dute.

Egoeraren berri emateko, LABeko Sunsundeguiko ordezkariek eta sindikatuko Sakanako arduradunek agerraldi bat egin dute Iruñean. Azaldu dutenez, langileek lanean jarraitzen dute, enpresak hitzartuak dituen entregak amaitzen, baina apirilaren 30etik soldatarik kobratu gabe. «Ziurgabetasun juridiko eta ekonomikoa» oso handia dela diote, kaleratzeak ez baitira ofizialki gauzatuko epaileak berretsi arte. Eta hori gabe, ezingo lukete ez langabezia prestaziorik jaso, ez Fogasa kaleratzeetarako funts publikoaren bidez dagokien gutxieneko kalte ordaina eskatu.

LABeko kideek nabarmendu dutenez, Sunsundeguin gertatzen ari dena ez da azken urteetako kontua. Salatu dute enpresak urteak daramatzala antolaketako eta ekoizpeneko arazoekin, eta inork ez duela neurri eraginkorrik hartu egoera zuzentzeko. Haien arabera, urte hauetan guztietan «hainbat pertsonak» eta multinazional batek (Volvok) atera dute onura «nafar guztiek finantzatutako» enpresa horretatik. Hori dela eta, konkurtso administratzaileari eskatu diote ikerketa sakon bat egin dezala eta erantzukizunak argitu ditzala.

UPN eta Volvo

2024ko azaroan sartu zen Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan, ez zelako gai 48,8 milioi euroren zorrari erantzuteko: 8,9 milioi zor dizkie hornitzaileei, eta 39,9 milioi finantza erakundeei eta hura laguntzen saiatu diren sozietate publikoei (Sodena, Cofides, ICO).

Sunsundeguiko egoera ulertzeko, baina, 2009ko krisi ekonomikora egin behar da atzera. LABek gogoratu du 2010ean Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, «euro baten truke» erosi zuela enpresa, bazkide pribatu bat bilatzeko helburuz. Estrategia horrek ez zuen aurreikusitako emaitzarik eman, eta, LABen arabera, hiru urtean 36 milioi euroren galerak pilatu zituen enpresak.

Garai hartan UPNren kontrolpean zen Sodena sozietate publikoak 35 milioi euroko zorra barkatu zion enpresari, eta 2013an enpresaren kapital egitura aldatu zen: langileak behartu zituzten kapitala erostera, baina gehiengoa orduko zuzendaritzaren esku geratu zen, eta horren buruan zegoen Jose Ignacio Murillo zuzendari ohia.

«Ez zen kontrol publikorik egon, eta enpresaren norabidea Murillo eta Volvoren esku geratu zen, inolako gardentasunik gabe»

LAB

LABek azaldu duenez, bideragarritasun plan hori neurri handi batean Volvoren laguntzari esker izan zen posible, hark jartzen baitzuen lan karga. Hala ere, sindikatuak zalantzak ditu Suediako multinazionala «konponbidearen ala arazoaren» parte izan den tarte horretan. «Haiek beren produktua, beren txasisak saltzen zizkioten Sunsudeguiri, eta hark bere gain hartzen zituen galerak».

Horrez gain, LABek salatu du zuzendaritzak bere konfiantzazko jendea kokatu zuela enpresan, senideak barne. Eta horiekin batera beste onuradun bat seinalatu du: UGT sindikatua eta haren afiliatuak. LABeko ordezkariak, berriz, plan hori ez babestegatik jazarriak izan zirela salatu du.

«Urte horietan ez zen kontrol publikorik egon, eta enpresaren norabidea Murilloren eta Volvoren esku geratu zen, inolako gardentasunik gabe», azpimarratu du LABek. Konkurtso administratzaileak gertatutakoa sakon ikertu behar duela uste du, eta sektore publiko zein pribatuko erantzuleei kontuak eskatu behar zaizkiela. Horrekin batera, foru gobernuari eskatu dio «egiazko alternatiba bat» proposatzeko, «Sunsundeguiko langileei eta Nafarroako industriari etorkizun duin bat bermatzeko».

Altsasuko egoera

Horren harira, Sakanako baina bereziki Altsasuko egoerarekin kezkatuta agertu da sindikatua. Azpimarratu duenez, Sunsundeguin geratzen diren 342 langileak kaleratuta, herri horretan «2013an baino pertsona gutxiago egongo dira izena emanda Gizarte Segurantzan». «Azken hamarkadetan eutsi egin zaio Altsasuko biztanle kopuruari, baina jendeak beste nonbait aurkitu behar du lana. Lo hiri bihurtzen ari da Altsasu», ohartarazi du.

Inguruko herrietan bestela daudela adierazi du. «Sakanan ere hainbat lanpostu galdu dira 2007tik, baina ordutik 1.000 lanpostu baino gehiago sortu dira Irurtzunen, Arbizun eta Lakuntzan, esaterako. Irurtzungo Inasa zaharra berrindustrializatzeko esperientzia baliagarria izan daiteke Sunsundeguirentzat», planteatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.