Supersurren hil zen langilearen auzia itxi dutela salatu du LABek

Segurtasun neurriak bete ez zirela frogatzen zuen Osalanen txostena ez dutela aintzat hartu salatu dute senideek

Erredakzioa
Bilbo
2009ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Urtebete igaro berri da Asier Irazabal Bilboko hegoaldeko saihesbideko obretan hil zela. Peñascaleko tuneletan ari zen zulagailua konpontzen 800 kiloko harri bat gainera jausi zitzaionean. 38 urte zituen, eta Obras Subterraneas enpresarentzat lan egiten zuen. Langilearen senideek eta LABek istripua argitu nahi izan zuten, eta epaitegira jo zuten, zigor bidetik, erantzukizun eske. Bizkaiko lurralde auzitegiak, alabaina, salaketa artxibatu duela jakinarazi zuten atzo.

Hildakoaren familiak langileen eskubideen aurkako delitua salatu zuen, enpresak «oinarrizko segurtasun neurriak ere ez» zituelako hartu. Auzitegiak Bizkaiko Industriaren Lurralde Bulegoak eginiko txostena baliatu zuen istripuan deliturik ez dagoela ebazteko. Txosten horren arabera, gertatutakoa «aurreikusi ezin zitekeen istripua» izan zen. Irazabalen senitartekoek, berriz, txosten horren erabilera deitoratu zuten atzoko agerraldian, eta enpresak eginikoaren «kopia» zela salatu zuten.

Osalan institutuak eginiko ikerketaren ondorioak, aldiz, ez zituen aintzat hartu auzitegiak. Beharginak «egin behar ez zuen» lana egitera bidali zutela dio horrek, makinaren konponketak tuneletik kanpo, segurtasun eremuan, egin behar zirelako. Langileen artean eginiko inkestek, halaber, lan arriskuetan zuten «trebakuntza falta» agerian utzi zutela nabarmendu zuen sindikatuak. Horregatik guztiagatik, istripuaren ardura argitzeko ekintza berriak iragarri zituzten.

Hildakoek kosturik ez

Duela bi hilabete, Arrasaten (Gipuzkoa), enpresa berarentzat lan egiten zuen beste langile bat istripuan hil zela salatu zuten LABekoek. Lan Osasuneko arduradun Ibon Zubielak, horren harira, patronalarentzat «lanean hildakoek kosturik ez» dutela gaitzetsi zuen. Sindikatuak eginiko zenbaketaren arabera, urte hasieratik 77 lagun hil dira Euskal Herrian lanean ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.