Eusko Jaurlaritzak bedeinkatu duen formula juridikoa lagun, Fagor Grupo Muebles suspertzearen eredu gisa azaldu zuten atzo, hala kooperatiba izanaren arduradunek nola SPRIko zuzendari Alex Arriolak. Enpresa berriak atzean utzi du hartzekodunenkonkurtsoa, eta 2018rako iazko salmentak halako hiru egitea espero du: 18 milioi euro. Fakturazioaren salmenta enplegu sorrerak lagunduko du: 55 langilek osatzen duten lantaldea 80koa izango da bi urte barru, zuzendaritzaren aurreikuspenak betetzen badira, behintzat.
Eta zer dauka berezia Azpeitiko Danona zenak atzo SPRIko zuzendariaren babesa eta laudorioa jasotzeko? Eusko Jaurlaritzak lur jota dauden enpresak leheneratzeko balekoa jotzen duen formula juridikoa, besteak beste. Fagor Mueblesen %75,5 Maecenas Kapital funtsak erosi zuen 2013an; aurretik, langile-bazkide ohiekin eta Mondragon taldearekin akordioa egin zuen. Langileek akzioen %9,5 erosi zituzten kooperatiba bat eratu ondoren, eta Arrasateko korporazioak, beste %15.
«Euskal kultura industrialaren indarra gure alde jarri dugu; horri esker, langileen ahalegin gorena lortu dugu, erabateko malgutasuna eskaini baitute proiektua aurrera atera zedin». Francisco Vera presidenteak garbi utzi zuen funtsak goitik behera aldatu duela negozio eredua, eta horrek enpresaren martxa irauli duela. «Orain ez ditugu egiten hiru sukalde hiru bezerorentzat, hotel bateko 400 edo 600 gela bezero bakarrarentzat baizik». Produktua ez, zerbitzu oso bat ematen du Fagor Mueblesek. «Gela bateko ile lehorgailua eta alfonbra ere guk jartzen ditugu», azaldu zuen Verak.
Irudi korporatiboa aldatu
Negozio eredua eta enpresaren egitura juridikoa erabat aldatu ondoren, irudi korporatiboa ere aldatuko dela iragarri zuen Verak; «aztertzen ari gara», esan zuen, baina segurutzat emanez luze gabe egingo zutela. Hau da, Fagor marka alboratu egingo dute, beste fase batean sartu direla garbi adierazteko.
Mondragonekiko loturak hor jarraituko du, ordea. Akzioen %15 dauzka Arrasateko taldeak, eta Maecenas Kapitalek kontrolatzen duen enpresak derrigortasuna dauka aurrerantzean lanpostu berriak sortzen direnean kooperatiba izanaren langileen lan poltsari erreparatzeko; hala aitortu zuen presidenteak BERRIAren galdera zuzenari erantzunez. «Behar diren soslaiak aurkitzen ez baditugu, kanpoan bilatuko ditugu behargin berriak», erantsi zuen Fagor Grupo Muebleseko presidenteak.
2013an konkurtsoan sartu zen enpresak 293 hornitzaile txikirekin zuen zor guztia pagatu berri du. Izan ere, negozioaren martxa ona eguneroko zenbakiak ari dira berresten. Aurtengo apirilera arte, 8 milioi euroren eskaerak jaso dituzte. «Gure sektorean ekonomia suspertu egin da argi eta garbi. Asko hitz egiten da, baina guk ez dugu geldialdirik sumatu». Horregatik, aurten mozkinak izan dituzte, estreinakoz, salmentak %189 igota, 7 milioi eurora arte. «Ez dugu produktu bat eskaintzen, zerbitzu oso bat baizik, eta hedatzera goaz, nazioartean salmentak handituz».
FGM oso nazioartekotua dagojadanik: salmenta guztien %84 atzerrian egin ditu Azpeitiko enpresak, merkatu anitzetan. Baina gehiago nahi du: «Marjina ematen digun nazioartekotzea egingo dugu bakarrik», ohartarazi zuen taldeko presidenteak. Nazioartekotze horri esker, 10 milioitik gorako salmentak espero ditu enpresak 2016rako, 13,5ekoak 2017rako, eta 18 milioikoak 2018rako. Konparazio baterako, 2012an13 milioi eskaseko fakturazioa zeukan Azpeitiko enpresak, eta 105 langile. «Gure ereduan bitarteko guztiak optimizatu ditugu», azaldu zuen Verak.
Arriola SPRIko zuzendariak enpresaren ibilbidea goraipatu zuen, bidean izandako oztopoak gainditu eta 2014tik 2018ra bitarteko tartean fakturazioa boskoiztea lortuko duelako. Proiektuaren arduradunek nabarmendu zuten ibilbide hori ez zela posible izango lantalde osoaren inplikaziorik gabe: «Desertua zeharkatzea lortu du lantaldeak, oztopo guztiak gaindituz, orain esku artean proiektu itxaropentsu bat izateko, hedapen komertzial betean dagoen proiektu bat».
Suspertzearen paradigma gisa azaldu dute arduradunek Fagor Muebles
Konkurtsotik atera eta 2015eko fakturazioa halako hiru egitea aurreikusi dute 2018rako. Fagor marka alboratuko dute, negozio eredua «irauli» egin dutela argi isla dadin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu