Lehen begiratuan, urte ona izan zen 2013a burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko hamabost enpresentzat. 2012 kaskar baten ondoren, irabaziak %30,1 igo ahal izan zituzten. Baina datu horrek bi zenbaki kaskarrago ezkutatzen ditu: bata da salmentak %4,8 jaitsi zituztela, eta bestea 5.000 langile gutxiago enplegatzen dituztela. Batek zein besteak erakusten dute irabazien igoerak oso sustrai ahulak dituela.
Enpresa kotizatuak behartuta daude otsailaren 28rako bere emaitzen berri ematera CNMV Espainiako merkatuen gainbegiratzaileari. Gehien-gehienek aurreko asteko azken egunetan egin zuten. Horietan ikusten denez, burtsan kotizatzen duten hamabost enpresek 5.093 milioi euro irabazi zituzten iaz. Irabazi horien %94 Bilbon egoitza soziala duten bi enpresari dagokie: Iberdrolari (2.571,8 milioi) eta BBVAri (2.222,7 milioi). Urte oso desberdina izan dute batek zein besteak. Argindar konpainiaren irabaziak %7 jaitsi dira, krisiak Espainian duen negozioa jaitsi diolako, baina baita ere zerga gehiago pagatu zituelako iaz. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea oso haserre azaldu zen Madrilgo gobernuarekin argindar tarifaren zuloaren zati bat estaltzeko zerga berriak ezarri dizkielako elektrizitate enpresei, eta kostu txikiagoak onartzen dizkiolako sortutako argindarraren truke. Ez zen kexatu, ordea, balantzeak berritzeko aukera izan duelako; horren ondorioz, zerga gehiago ordaindu dizkio aurten Bizkaiko Ogasunari, baina gutxiago pagatu beharko du hurrengo urteotan.
BBVAk, berriz, igoera ikusgarria izan du irabazietan: %32,9. Baina datu horrek ere badu bere tranpa: ez da berez mailegu gehiago ematen ari delako eta horrek irabaziak handitzen dizkielako
—%5,2 jaitsi zaio negozioa—, baizik eta finantza operazio handiak egin dituelako eta 2012an egin zituen hornikuntza handiak txikiagoak izan direlako orain. Azken arrazoi horrek handitu ditu Euskal Herriko beste bi finantza erakunde handienen emaitzak ere, Laboral Kutxarena (104 milioi) eta Kutxabankena (108 milioi).
Gauza batean bat egin dute BBVAk eta Iberdrolak, enplegua suntsitu baitute batek zein besteak: 6.547 bankuak eta 600 enpresa elektrikoak.
Gamesaren aizkora
Enplegu aldetik, beste berri txarra Gamesak eman du: 6.268 langile ditu orain, duela urtebete baino 1.367 gutxiago. Gainera, kaleratze horietako ez gutxi Euskal Herrian bertan gertatu dira, Nafarroan batez ere. Bere neurria eskari txikiagoeta egokitzen ari da konpainia eolikoa, eta hainbat fabrika itxi zituen iaz, haien artean Tuterakoa. Beste lantegietan ere azken bi urteotan egindako kaleratzeek aurrera jarraitu dute: 2011n, 8.000 langile zituen Zamudioko enpresak, eta 6.268 dira orain. Hori bai, berregituraketa gogor horrek izan du ondoriorik enpresaren errentagarritasunean: 2012an 650 milioi eurotik gora galdu ondoren, 2013an irabazietara itzuli da Gamesa (45 milioi), bere salmentek behera jarraitu arren (-%12,3).
Enplegu aldetik Gamesa bada ifrentzua, CIE Automotive da aurkia: 19.762 langile zituen 2013aren amaieran autoentzako osagaien ekoizleak, urtebete lehenago baino ia 4.000 gehiago. Herrialdez herrialdeko lantaldearen bilakaeraren berri ez du eman enpresak, baina pentsatzekoa da langile berri gehienak atzerrian hartu dituela, hedapen prozesuan baitago. Urrian, Mahindra taldearekin lortutako akordioa dela eta, India ko eta Alemaniako zortzi fabrika batu ziren taldera, eta beste hiru sartuko dira aurten. Horiei esker, 2.225 milioi euroren fakturazioa lortuko du CIEk, iaz baino %25 gehiago. Azken erosketa urtarrilean iragarri zuen, Frantziako Advanced Comfort Systemsen geratzen zitzaion erdia. Edonola ere, hogei lantokitik gora ditu Euskal Herrian, horietatik hamasei autogintzarako osagaien ekoizleak.
Ohikoak galeretan
Enplegua handitu duten enpresa industrialen artean Vidrala (283 langile gehiago) eta CAF daude (473). Azken horren irabaziak eta fakturazioak jaisten jarraitzen dute, baina eskaera zorro sendoa dauka. Aste honetan, Budapesterako gutxienez beste 37 tranbia egiteko akordioa itxi du. 90 milioiko kontratua da.
Hamabostetik bi enpresak soilik dituzte galerak: Tavexek eta Cementos Portlandek. Batek zein besteak urteak daramatzate zenbaki gorrietan. Eraikuntzaren amiltzeak ekoizpen gaitasuna seko moztera eraman du porlan enpresa: 2010ean, 3.528 langile zituen, eta 2.161 baizik ez azken urtean. 73 milioiren galerak, edonola ere, 2012koen erdia dira (166 milioi). Galerak %42 txikitu ditu Tavexek ere. Langile gehienak Ameriketan ditu azken horrek.