Sua piztu, sutea itzaltzeko

Tecnaliak suteetan eraikinek duten erresistentzia neurtzeko laboratorio bat du Azpeitian. Kanadan eta AEBetan lan egin nahi duten enpresei begira dago, hango arau zorrotzak direla eta.

Tecnaliaren suteen laborategian demostrazioa, Azpeitiko plantan. JON ORBE / FOKU
Tecnaliaren suteen laborategian demostrazioa, Azpeitiko plantan. JON ORBE / FOKU
Azpeitia
2025eko uztailaren 18a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Sute bat piztu da Azpeitiko (Gipuzkoa) Tecnalia zentroan. Baina ez arduratu: enpresak suteen saiakuntzak egiteko duen plantan izan da, demostrazio bat besterik ez, eta dena kontrolpean dago. Fabrikaren barruan fatxada moduko bat dago eraikita, obretan ikusten direnen antzekoa, eta sua piztu orduko hasi da hura kiskaltzen, behetik hasi eta goraino. Hori egiten du Tecnaliak, eraikuntza enpresek eskatuta, eraikinek suteetan duten erresistentzia probatzeko eta neurtzeko.

Ez dago hori egiten duen enpresa askorik. Izan ere, Europako Batasunean suteen arauak ez dira oraindik oso zorrotzak, eta herrialde bakoitzak bere legedia du, orokorrean leun samarra. Baina kontinente zaharretik kanpo, badira eraikinetako suteen aurkako prozedura zorrotzak dituzten herrialdeak, eta haien artean daude Kanada eta AEBak. Haiei begira dago Azpeitiko zentroa.

Tecnaliak akordio bat sinatu berri du Kanadarekin, eta aurretik AEBekin eta Erresuma Batuarekin ere sinatu zuen hitzarmena. Itun horiek modua ematen diete eraikuntza enpresei —Europakoei bereziki—, fatxadak Azpeitian probatu eta azterketa gaindituz gero, homologazioa lortu eta herrialde arautuago horietan eraikitzeko.

2018. urtean ireki zuen Tecnaliak suteen saiakuntzak egiteko planta, Londresko Grenfell dorrean piztutako suteak bultzatuta, besteak beste. «Erresuma Batuan gertatutakoa gertatu eta gero, eraikuntza enpresek ikusi zuten ezin zutela beren eskaintza negoziazio mahaian sartu ere egin suteen gaineko inongo ziurtagiririk gabe. Haien eraikinak ziurtatzeko aukera edukita, merkatura zabaltzen laguntzen diegu, eta, garrantzitsuena dena, haien produktuak eta sistemak seguruak direla ziurtatzen», azaldu du Xabier Olanok, Tecnaliako suaren laborategiko arduradunak.

Olanok zehaztu duenez, batez ere Europako ekoizleek erabiltzen dute dira zerbitzu hori, eta prozesua ere esplikatu du: «Astebete inguru pasatzen dute bezeroek beren eraikinak fabrikan instalatzen, eta gero proba eta azterketa guztiak egiten dira. Hilabetean bezero bat edo bi ditugu, asko jota». Guztira, Tecnaliak 75 saiakuntza baino gehiago egin ditu orain arte, 22 enpresarekin.

Ez da materiala soilik

Asko dira Tecnaliak neurtzen dituen parametroak, ebaluazio ahalik eta zehatzenak egiteko. Askotan materialari egozten zaio sutearen errua, baina, Olanoren arabera, «ez da materiala soilik, sistema guztia baizik», diseinua eta eraikitzeko modua barne. «Askotan debatea da material bat jarri ala bestea, baina ez da hori bakarrik».

Gainera, orain fatxadek badituzte ezaugarri berriak ere: isolamendu termikoa, isolamendu akustikoa eta energiaren sorrera, adibidez. «Guk aukera ematen dugu teknologia berri horiek guztiak probatzeko, eta ikusteko sistema horrek guztiak nola erantzuten duen sute erreal baten kontra», esan du laborategiko arduradunak.

«Guk aukera ematen dugu teknologia berri guztiak horiek probatzeko, eta ikusteko sistema horrek guztiak nola erantzuten duen sute erreal baten kontra»

XABIER OLANOTecnaliako suaren laborategiko arduraduna

Asko izan dira azken urteetan suak Europan eragindako ezbeharrak: Grenfell dorrearena, Valentziako (Herrialde Katalanak) etxebizitza blokearena... Hori ikusirik, legedian «hausnarketa bat» izan dela dio Olanok, eta ekoizleak ere hasiak dira beren produktuak hobetzeko lanean.

Azken urteetan Europarako lege bateratua ezartzeko bidean ari dira lanean. Hamabost metodo daude Europan gaur egun, eta bateratze horrek zorroztu egingo lituzke eskakizunak. Hala ere, Olanok dio Azpeitiko laborategiak baduela teknologia nahikoa Europarako ezarri nahi den legea betetzen den ala ez ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.