Tabakoak ordainduko du Zapateroren B plana

Espainiako Gobernuak tabakoaren zergak igo ditu, krisiaren kontrako neurri berriek izango dituzten ondorioak konpentsatzeko. Pentsioen erreforma azkartu egingo dute, eta urtarrilaren 28an onartuko dute

jakes goikoetxea
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Leku batetik faltako zaiona bestetik lortu nahi du Espainiako Gobernuak. Enpresei zergak jaitsita bilduko ez duena tabakoaren prezioa garestituz jaso nahi du. Horregatik, tabakoaren zergak igo ditu. 780 milioi euro inguru bildu nahi ditu erretzaileen kontura.

Espainiako Gobernuak defizita murriztu behar du, gastuak aurreztuz eta diru gehiago bilduz. Diru gehiago biltzeko ez dizkie zerga zuzenak igoko, ez herritarrei, ez enpresei. Pribatizazioen eta zeharkako zergen bidea hautatu du: BEZ balio erantsiaren gainezko zerga igo zuen uztailetik aurrera, eta atzokoarekin bi aldiz igo du tabakoarena urte eta erdian -iazko ekainean tabakoaren eta erregaien zergak igo zituen-.

Elena Salgado EspainiakoEkonomia ministroak atzo esan zuen gehien saltzen diren tabako kaxaen prezioak batez beste 25 zentimo garestituko direla. Zenbait, askoz ere gehiago. Hona hemen igoeren zenbait adibide: kaxarik merkeenak 2,90 eurotik 3,53ra, Fortuna 3,40 eurotik 3,66ra eta Marlboro 3,85 eurotik 4,11ra. Krisi garaian asko handitu dira biltzeko tabakoaren salmentak. Espainiako Gobernuak tabako horrentzako zerga berezi bat ere sortu zuen iaz. Orain, proportzioan, asko garestituko ditu, 1,80 eurotik 2,45era hogei gramoko paketea.

Aintzat hartu behar da zergak tabako kaxaren prezioaren %80 inguru direla. Hiru euroko kaxa batean 2,4 euro.

Frantziak azaroaren hasieran %6 garestitu zuen tabakoa.

Asteazkenean iragarritako neurriak onartzeko bilkura zen atzoko Ministroen Kontseilua. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak bederatzi neurri iragarri zituen orduan Kongresuan, ezustean, defizita murrizteko eta ekonomia suspertzeko. Merkatuen asteotako presioari emandako bat-bateko erantzuna izan zen. Atzo, berriz ere ezustean, tabakoa garestitzea onartu zuten.

Espainiako Gobernuak handitu egin du sozietate zerga murriztua ordaindu behar duten enpresen multzoa. Neurri horren bidez 230 milioi euro inguru gutxiago jasoko ditu.

Sozietate zergaren amortizazioak ere atzeratzea onartu du. Lanerako 1.500 orientatzaile kontratatuko ditu. Hori guztia konpentsatu nahi du tabakoa garestituz bildutako diruarekin.

1.400 milioi euro iaz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek eta Nafarroako Gobernuak gustura hartuko dute albistea, haiek jasotzen baitute zerga berezien dirua -erregaia, alkohola, tabakoa eta argindarra-: 1.400 milioi euro iaz.

Atzoko Ministroen Kontseiluko beste berrikuntza pentsioen erreformari buruzkoa izan zen. Espainiako Gobernuak prozesua azkartu du, eta urtarrilaren 28an onartuko duela esan du. Gero eztabaidatuko dute Kongresuan eta Senatuan. Gobernuak zehaztu ditu bere baldintzak: erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratzea, kotizatu beharreko urte kopurua handitzea eta erretiro aurreratuak murriztea. Oposizioak erantzun dio ez duela onartuko erretiro adina luzatzea.

Ministroen Kontseiluak energia eolikoari eta termosolarrari emandako sarien araudi berria era onartu zuen atzo. 1.100 milioi euro gutxiago emango dizkiete sarietan 2013 arte.





Neurriak

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak krisiari aurre egiteko bederatzi neurri iragarri zituen asteazkenean. Atzo onartu zituen Ministroen Kontseiluak. 14.000 milioi euro lortu nahi ditu pribatizazioen bitartez.



Aireportuak: AENA-Aireportuak sozietatea sortuko du aireportuak eta aireportuetako zerbitzuak kudeatzeko. Sozietate horren kapitalaren %49 pribatua izango da. Madrilgo eta Bartzelonako aireportuen kudeaketa esku pribatuetan utzi nahi du.

Loteriak eta Apustuak: Erakunde publikoa dena sozietate bihurtuko dute, eta %30 esku pribatuetan utziko dute.

426 euroko laguntza: Otsailean bukatu egingo da langabezia saria amaitzen zaienentzako 426 euroko laguntza. Gobernuak langabeei lana bilatzen laguntzeko zerbitzua indartuko du, 1.500 orientatzaile gehiago kontratatuz.

Sozietate zerga: Handitu egingo da tasa murriztua (%25) ordainduko duten enpresen kopurua, enpresa txikitzat hartuko baitira hamar milioi euro arte fakturatzen dutenak -lehen hamar milioi euro- eta 300.000 arteko irabaziak dituztenak -lehen 120.000 euro-.

Amortizazioak: 2012tik 2015. urtera arte luzatuko eta orokortuko dute enpresek sozietate zerga libreki amortizatzeko epea.

Merkataritza ganberak: Enpresek eta langile autonomoek ordaindu beharreko kanona borondatezkoa izango da.

Funtzionarioak: Funtzionario berriek Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean kotizatuko dute.

Enpresen sorrera: Prozesua erraztu eta azkartu egingo da.

Lan agentziak: Agentzia pribatuen sektorea arautuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.