Tabernak irekita, baina sindikatuak pozik grebarekin

Ostalaritza Elkarteak dio 14.000 langile zeudela lanuztera deituta baina ehunek soilik egin dutela

Miren Garate.
Donostia
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Parte Zaharra izan ohi da Donostian grebek erantzun handiena izaten duten auzoa. Atzo, ostalaritzako saltoki ia guztiak irekita zeuden. Berdin Grosen, Amaran eta hiriko beste lekuetan ere. Itxura batera, lanuztearen arrastorik ez. Sindikatuak, ordea, «pozik» geratu dira deialdiak izandako oihartzunarekin. «Kanpora begira, irudia izan daiteke saltokiak irekita daudela. Oso zaila da ostalaritza enpresak ixtea, ia ezinezkoa, prekarietate handiagoa dagoelako eta langile autonomoak ere asko direlako. Baina langile askok eta askok egin dute greba», azaldu zuten Jose Luis Ugarte ELAko ordezkariak eta Alaitz Jauregi LABekoak.

Erantzunari buruzko datu zehatzik ez zuten eman nahi izan. «Garrantzitsua, hori da hitza». Besteak beste, zehaztu zuten Maria Cristina eta Costa Vasca hoteletan nahiz enpresa handietako jangeletan langile asko ez zirela joan lanera.

Patronalak bai, patronalak eman zituen datu zehatzak. «14.000 langile zeuden grebara deituta, eta ehunek bakarrik egin dute», esan zuen. Haren arabera, bost mila biztanletik gorako herrietan dauden 50 enpresatara deitu zuen. «Esan digute langile guztiak lanean ari direla eta herrian normaltasuna dela nagusi». Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen arabera, «erantzukizunez» jokatzea erabaki dute langileek. «Badakite zein den sektorearen egoera, eta sindikatuei bizkarra eman diete. Ordezkari sindikal batzuek ere jaieguna eskatu dute gaurko, greba egin beharrean».

Lan hitzarmen berria ari dira negoziatzen ostalariak eta ostalaritzako langileak. Martxoan egin zuten aurreneko bilera, eta ordutik hainbat aldiz elkartu arren, ez dira ados jartzen. Soldata da eztabaidagai nagusia. KPI+%0,75eko soldata igoera eskatzen dute sindikatuek.Patronalak aurten KPIaren erdia igotzea nahi du, datorren urtean KPIaren %75 eta 2013an KPIa. Proposamena onartuz gero, beraz, eros ahalmena galduko lukete langileek.

Azken hogei urteetako eskaintzarik okerrena iruditu zaie. Patronalak, ordea, egoera ere halakoa dela erantzun die. «Soldata igotzeko eskaera %0,75era jaitsi dugu —hasieran KPI+%2 eskatu zuten—. Azken urteetan ere halako igoerak sinatu ditugu».

Lau arrazoi eman dituzte soldata igotzea galdegiteko: udan hotelak beteta egon direla, Donostia 2016ko kultur hiriburua izango dela, inoiz baino kongresu gehiago antolatzen direla eta egungo bake giroaren eraginez etorkizunerako aurreikuspenak onak direla. Patronalaren esanetan, turismoak ostalaritza sektorean duen eragina oso txikia da, eta ezin da erreferentziatzat hartu hitzarmen orokor bat negoziatzeko orduan.

Egoera sindikatuek diotenaz bestelakoa dela nabarmendu du Kino Martinez Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiak: «Taberna, jatetxe eta kafetegiek 36 hilabete daramatzate atzeraldian. 2008ko apiriletik, %16 jaitsi da negozio bolumena. Hori da errealitatea». Hilaren 28an bilduko dira berriro sindikatuak eta patronalak. Akordiorik ezean, greba edo protesta gehiago egiterik ez dute baztertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.