Estuasunetik lan taldea txikituta atera nahi du Talleres Gometeguik. LABek atzo jakinarazi zuenez, 34 langile kalera botatzeko erregulazio espediente bat aurkeztu du enpresak. Hartzekodunen konkurtsoan dago uztailaz geroztik, ezin baitie zorrei aurre egin. Kaleratzeak azkenak izango ez diren susmoa du sindikatuak, eta zuzendarien kudeaketa txarrari egotzi dio enpresa kinka larrian izatea.
Neurri handiko piezak egiten ditu Talleres Gometeguik energia edo eraikuntza sektoreetako konpainientzat, eta Laudion (Araba) du egoitza. Ekainean eskatu zuen konkurtsoaren aurrekoa, hemezortzi milioi euroko zorra ordaintzerik ez zuelako. Enpresak argudiatu zuenez, 2016an galerak izan zituen, bezero garrantzitsuak galdu eta eskaerak %43 gutxitu zitzaizkiolako. Bezero horietako bat zen Ortuellako General Electric (Bizkaia), gaur egun itxieraren atarian dagoen enpresa bat.
Diru-sarrerak gutxitzeak larriagotu egin zuen Talleres Gometeguiren finantza egoera, eskatutako maileguei aurre egiterik izan ez zuelako. Beste arazo bat izan zen enpresaren finantzatzaile nagusia Banco Popular zela, eta banku horrek diru iturriak trabatu egin zituela, bere arazo propioei aurre egin behar zielako. Popularrek porrot egin zuen ekainean, eta Santanderren esku geratu zen.
Zuzendaritzarekin haserre
Konkurtsoaren aurrekoa lau hilabetez luza daitekeen arren, uztailean bertan eskatu zuen konkurtsoa Talleres Gometeguik, eta orduz gero administratzaile baten kontrolpean dago. Azken horrekin ez dago ados enpresa batzordea, LABek adierazi duenez, «behin eta berriz» ukatu dizkielako bilerak. Baino are haserreago daude zuzendaritzaren jarrera «zentzugabearekin». Izan ere, sindikatu abertzaleak azaldu du mezu kontrajarriak bidaltzen dituela. «Duela hiru aste konpromisoa eta elkarlana eskatzen zuten, hau da, aparteko orduak egitea; duela bi egun adierazi ziguten lan kargak gora egin zuela, eta orain 34 langileren kaleratzearekin aurkitzen gara».
Ez da lehen aldia Talleres Gometeguik lan taldea txikitzen duela. Duela hiru urte 126 zituen, eta 84ra jaitsi zen konkurtsoan sartu zenean. LABek uste du ez direla azkenak izango, eta enpresaren bera kolokan dagoela. «Momentu honetan Gometeguik daukan irtenbide bakarra da inbertsore berri bat agertzea, bankuen eta instituzioen artean sinesgarritasuna duena, eta atal errentagarriekin bakarrik geratuko dena».