Egitura

Tankeak, gizentzeko

Eurostatek metodoa aldatuko du urrian, eta estatuen BPGak igo egingo dira eta zorra txikitu; armagintzaren eta I+Gren diru sailak inbertsio bihurtuko dira.

Austriako Armadako tankeak Melk hiritik gertu, iazko irailean. ROBERT JAEGER / EFE
Jon Fernandez.
2014ko urtarrilaren 19a
09:06
Entzun

Datorren irailetik urrira bitartean, Europako Batasuneko barne produktu gordina (BPGa) %2,4 inguru igoko da kolpean. Ez da guru ekonomikoek kristalezko boletan irakurritako iragarpena, Eurostaten aldaketa metodologiko baten ondorioa baizik. EBko estatistika agentziak herrialdeen kontu ekonomikoak kalkulatzeko metodoa aldatuko du bederatzi hilabete barru: ESAk 1995 sistema utzi, eta ESA 2010 eredua erabiltzen hasiko da. Funtsean, estatu kide guztien BPGek gora egingo dute kalkulu berriarekin, eta zorpetze ratioa txikitu egingo da. Zergatik? Besteak beste, I+G Ikerketa eta Garapenaren diru sailak eta armagintzarenak zorra izateari utzi eta inbertsio, kapital bihurtuko direlako.

François Lequiller Europako Batzordeko Estatistika departamentuko buruak azaldu du «kontu ekonomiko nazionalak egoera ekonomiko berrira, erabiltzaileen beharrizanetara eta ikerketa metodologikoaren berrikuntzetara moldatzeko» egingo dutela aldaketa. Gaur egungo sistema 1995ean indarrean sartu zen Europako Kontu Sistema da; ESA, ingelesezko akronimoetan. Bederatzi hilabete barru indarrean sartuko den sistema berriak
—ESA 2010ak— 44 «hobekuntza tekniko» ditu zaharraren aldean, eta, Europako Batzordearen arabera, «mugatua» izango da aldaketa horien eragina.

Mugatua izan arren, ordea, urte amaierako zenbaketetan igarriko da eragin hori. Espainiako Gobernuak, esaterako, iragarri du 2014an ekonomia %0,7 handituko dela, eta oso mesedegarri izango zaio irailean %1 eta %2 artean igotzea iragarpen hori betetzeko edo zerbait hobetzeko. Bruselak egin ditu kalkuluak metodo aldaketak estatu bakoitzean izango duen eragina neurtzeko —begiratu beheko taula—. Frantziako BPGan, esaterako, %2tik %3ra bitarteko igoera eragingo du. 

I+Gren pisua

Herrialde bakoitzaren ekonomian ikerketak eta garapenak eta armagintzak duen pisuaren araberakoa izango da BPGaren gorakada. Finlandian eta Suedian, adibidez, pisu handia dute I+Gren diru sailek, eta haietan %4 eta %5 inguru igoko da ekonomia. Letonian, Lituanian, Hungarian, Polonian eta Errumanian, berriz, hutsala da I+Gren diru sailei emandako dirua, eta, beraz, ia-ia ez dute igoerarik igarriko beren ekonomietan. EBko BPGak izango duen 2,4 puntuko igoeratik 1,9 puntu I+Gri esker izango da, eta soilik 0,1 armagintzari esker. 

Orain arte, armagintza ez da kapital gisa kontabilizatu «armen izaera suntsitzaileagatik, berehala ahitutakotzat» jotzen zuelako aurreko ESAk. Sistema berriak, ordea, «herrialde baten atzerriko segurtasunerako potentzialitate produktiboa» aitortzen dio. Sektore hori ere BPGan zenbatzeak, baina, eragin txikia izango duela azaldu du Bruselak.

Finean, Eurostaten aldaketak EBko estatuen BPGa igotzearekin batera haien zorpetzea txikitzea eragingo du. Estatuen desorekak neurtzeko ratioaren aldagaietatik bat aldatzen bada (BPGa) eta bestea ez (zor publikoa), zorpetze ratioa txikitu egingo da (BPGarekiko zorra). Nolanahi ere, Lequillerrek iragarri du zorraren datuak beherakada «txikia» izango duela, eta baztertu egin du EBko ekonomien «berrazterketa masibo bat» egiteko beharra sortzea.

Esportazio kalkulu berria

Azaldutako bi aldaketak baino gehiago ere ekarriko ditu Eurostaten metodo berriak. Esportazioak kalkulatzeko beste modu bat erabili beharko dute EBko estatuek urritik aurrera: beste herrialde batera prozesatzera bidaltzen diren produktuen mugimendu fisikoak ez dira esportaziotzat hartuko. Esportazio gisa kalkulatzeko produktuaren jabetza aldatu beharra egongo da herrialde batetik bestera pasatzerakoan.  Aldaketa horrek esportazioen eta inportazioen datuetan eragina izango du, baina Bruselak berriro eman du lasaitasun mezu bat: «Ez die kalterik egingo herrialdeen kontu korronteko balantzeei».

Aseguru konpainiek BPGari egiten dioten ekarpena neurtzeko moldea ere eraberritu egingo du Eurostatek. Orain, sarien eta egindako ordainketen arteko diferentziaren arabera neurtzen dira. Aseguru konpainiek egindako ordainketak gorabeheratsuak izaten dira, eta ziurgabetasun hori ezabatuko du sistema berriak. Azkenik, Eurostatek pentsio sistema publikoen arloan herrialde bakoitzak etorkizunerako egindako aldaketak argitaratuko ditu.
Hori guztia egin ahal izateko, urriaren 1etik aurrera EBko estatu kide bakoitzak sistema berrian oinarritutako estatistika ekonomikoak bidali beharko dizkio Eurostati, eta hark urriaren erdialdean argitaratuko ditu eredu berriarekin landutako lehen inkestak.

Aipatutako adierazle ekonomikoak —BPGak, zorra, esportazioak...— berebizikoak dira EBko diru politikaren barruan, EBko aurrekontuetara egin beharreko ekarpenak erabakitzean edo eskualdeetarako egiturazko funtsen banaketa egitean. Europatik kanpo ere sistema estatistikoak aldatzen ari dira. AEBek nazioarteko SNA 2008 sistema estandarra onartu zuen iazko abuztuan, eta 2010etik 2012ra bitartean %3,5 igoarazi zion BPGa. ESA 2010 eredua haren «ahaidea» da, Bruselaren esanetan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.