Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburua «pozik» agertu da Bizkaiko Metalgintzako patronal eta sindikatuek lan hitzarmena berritzeko sinaturiko aurre akordioarekin: «Are gehiago hura lortzeko hilabeteak behar izan direnean eta oso gatazkatsua izan den greba bat izan denean». Sailburuaren ustez, bi aldeek «egin beharrekoa egin dute», eta oinarri hori «berretsia izatea» espero du. LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatu zuten aurre akordioa, eta orain euren oinarriekin eztabaidatu behar dituzte. ELAk, aldiz, ez zuen sinatu. Sektoreko delegatuen %40 ELArenak dira.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere albiste ontzat jo du gaur goizean Biltzar Nagusietan egindako agerraldian. ELA zuzenean aipatu gabe, Rementeriak nabarmendu du sindikatu bat «kanpoan» gelditu dela, eta hari dei zuzena egin dio: «Espero dut gogoeta egingo duela, eta akordiora gehituko dela, horrela langileen baldintzak hobetzen direlako».
FVEM Bizkaiko metalgintzako enpresen elkartea ere gustura dago aurre-akordioarekin, «sektorearentzat ona» delako. Adolfo Rey kudeatzailearen ustez «bide bat» aurkitu dute hitzarmen hori ikustarazteko, eta enpresei «lasaitasuna»bermatzen die egoera ekonomikoari aurre egiteko. Reyk txalotu egin du sindikatuek izandako jarrera aldaketa. «Haiek mugiarazteko modurik ez zegoen, eta, ez dakit zergatik, baina ulertu dute euren jarrera malgutu behar zutela ulertu dute». Astelehenean dira biltzekoak akordioa sinatzeko.