Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerakosailburuak Espainiako Gobernuari gogorarazi dio 2017koa dela bidesari elektrikoak merkatzeko akordioa, eta ezin dela sinatutakoa bete gabe geratu, Espainiako 2018ko aurrekontuekin zer gertatuko zain. «Itun bat sinatzen denean, bete egin behar da, bai garaiz, bai formaz».
EAJk eta PPk 2017an adostu zuten euskal konpainien argindar faktura merkatzea. Berez, aurtengo urtarrilarekin sartu behar zen indarrean neurria. Akordioak elektrizitate tarifaren aldaketa ekarriko luke Hego Euskal Herriko enpresentzat, besteak beste, siderurgian, altzairutegietan, zementu fabriketan eta paper lantegietan. Egun 30.000 volteko sareei lotuta daude enpresa horietako asko —inguruan potentzia handiagoko sarerik ez dutelako—, eta 28 euro ordaintzen dute megawatt-ordua. Prezioa nabarmen jaitsiko litzateke adostutakoa aurrera ateraz gero, 16 eurora.
Kataluniara begira
Atzo Bilbon egindako prentsaurreko batean, Tapiak azaldu zuen aurrekontuak onartzeko Espainiako Gobernuak «laguntzeko prest dagoen bazkide bat» bilatu behar duela, negoziazioa alderdi politikoen artean egiten dela, eta gaur egun Mariano Rajoyren gobernuak EAJz gain babes gehiago lortu behar dituela.
«Ia-ia EAJren bozeramaile lana egingo dut, egokitzen ez zaidan rola hartuz», jarraitu zuen Tapiak. «Baina, gogoratzeagatik, esango dut Katalunian 155. artikulua indarrean den bitartean ez dagoela negoziaziorik eta ez dela negoziaziorik hasiko, alderdiko buruek aipatu duten bezala».
Kataluniako arartekoak, hain zuzen, helegitea jarri zion akordioari, tarifak merkatzea euskal enpresentzat abantaila delakoan. Salaketaren harira, Europako Batzordeak informazio espediente bat helarazi zion otsailean Madrilgo gobernuari. Alvaro Nadal Espainiako Energia ministroak ituna defendatu zuen, «estatu laguntza» izatea ukatuz. Alabaina, 2018ko aurrekontuekin lotu zuen faktura merkatzea.
Tapia: «Sinatutako itunak bete egin behar dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu